Normaltasun berriaren paradoxak
Ikasturte amaiera. Eskolak bukatu ordez, berriro itzuli dira. Ikastetxean dena ezaguna da, baina arrotza aldi berean. Usandizagak ateak ireki dizkie ikasleei, baina ez ohikoak, larrialdietarakoak baizik. Handik sartzen dira eraikinean, logistika kontuak direla eta. Gelara iritsi eta mahaiak betikoak dira, baina mahai kopurua eta haien arteko distantzia ez dira egunerokoak. Azterketa batean daudela dirudi, baina zalantzak argitzen eta ikasten ari dira. Maskarak daramatzate denek, bai irakasleek eta baita ikasleek ere, eta begietan asmatu behar dira kontzentrazio edo asperdura aurpegiak, baita irribarre atseginak ere. Txirrinak jo du. Atsedenaldiko ordua da, baina gela barruan geratu behar dira hamaiketakoa jaten. Gelakideak elkarren ondoan daude, baina ezin dira elkarrengana gerturatu txutxumutxuak kontatu edo besarkadak ematera. Bizitzen ari garen normaltasun berrian zentzuzkoa dirudite neurri guztiek. Baina, aldi berean, pandemia aurreko errealitatera egungo munduko arauekin itzultzeak deserosotasuna eta ezinegona eragiten du.