Silvia Perez Cruz, Iñaki Salvador eta Oreka TX, aurtengo Jazzaldi ezohikoan
Koronabirusaren krisia dela eta, apirilaren bukaeran bertan behera utzi zuten aurtengo Jazzaldiko programazioa, eta jaialdi txikiago bat egingo zutela iragarri zuten. Ideia horrekin aurrera jarraitzen du Jazzaldiak, eta uztailaren 22tik 26ra Donostian gozatu ahal izango den egitarauaren aurrerapena egin du. Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko jazz artistak programatzen ari direla azaldu du Jazzaldiak, baina nabarmendu du antolatzaileak adi daudela uztailean Europako artistak ekartzeko aukerarekin.
Horrela, Marco Mezquida piano-jotzailea eta Oreka TX taldea koronabirusa heldu aurreko egitarauan zeuden eta jarraitzen dute. Bestalde, aurkeztu dituzten artista berriak hauek dira: Iñaki Salvador piano-jotzaile donostiarra, Jorge Pardo saxofoi eta txirula-jotzailea, Chano Dominguez piano-jotzailea, Perico Sambeat saxofoi-jotzailea, Javier Colina kontrabaxu-jotzailea, Josemi Carmona eta Chimuelo flamenko gitarra-jotzaileak, Antonio Serrano armonika-jotzailea, Silvia Perez Cruz abeslari handia eta Joachim Kuhn piano-jotzailea.
Bestalde, aurtengo kontzertu guztiak eserleku izendatuekin izango dira, eta honakoak izango dira agertokiak: Trinitate plaza, Kursaala, Viktoria Eugenia antzokia eta San Telmo Museoa. Behin-behineko egitarau osoa ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran iragarriko dute, baita kontzertuetako sarrerak salgai jarri ere.