Udalak bi lursail utzi dizkio Jaurlaritzari, nagusientzat 180 etxebizitza egiteko
Morlansen eta Loiolako Erriberan eraikiko dituzten etxebizitzen onuradunak izango dira Donostiako adindunak eta gazteak. Morlansko auzo elkarteak kezka azaldu du proiektuaren inguruan, lursail horretan auzotarrek behar dituzten kirol, aisialdi eta kultur zerbitzuak egitea espero zutelako.

Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuten joan den astean, Morlansen eta Loiolako Erriberan adineko pertsonentzako etxebizitzak eraikitzeko. Morlans Aieterekin lotzen duen igogailuaren ondoko 1.352 metro karratuko lursail batean 80 etxebizitza eraikiko dituzte, eta Loiolako Erriberan beste 100, 1.456 metro karratuko lursail batean. Bi lursailak doan eman dizkio udalak Eusko Jaurlaritzari.
Hitzarmenean zehaztutakoaren arabera, Lakuako Etxebizitza Sailak garatuko ditu etxebizitza horiek egiteko proiektuak (lau promoziotan egingo dituzte), eraikuntza prozesuaz –momentuz, datarik gabe– eta adjudikazioaz arduratzearekin batera. Era berean, bi erakundeek sinatutako hitzarmenean zehaztu dute etxebizitza berriak soilik eskatzaile donostiarrentzat izango direla. Udalaren hirigintza proiekturen batean kaltetutako herritarrei ostatua emateko beharra egongo balitz, etxebizitza horiek ere erabili ahalko dituzte.
180 etxebizitza horiek Donostiako adineko pertsonei eskainiko dizkiete, Alokabidek kudeatutako Bizigune programaren bidez, baina gazteak ere izango dira proiektuaren onuradunak. Izan ere, kasu askotan, adinekoak etxe zaharretan bizi dira, eta horiek ez daude euren egoerara eta izan ditzaketen mugikortasun beharretara egokituta. Esaterako, askok ez dute igogailurik, zona aldapatsuetan egoten dira, eta eskailerak igo behar izaten dituzte euren etxebizitzetara iristeko, besteak beste. Gainera, horietako askok ez dute diru-sarrera nahikorik euren etxebizitzak birmoldatzeko.
Horrela, etxebizitza horiek Bizigune programari utziko dizkiete, eta horiek alokairuan jarriko dituzte, mugikortasun arazorik ez duten gazteek alokatu ahal izateko. Bestalde, euren etxebizitza utzi duten adinekoek Morlansko eta Loiolako Erriberako etxebizitza egokitu berrietan alokairuan bizitzeko aukera izango dute.
Hitzarmena sinatu duten erakundeen arabera, adinekoen bizi baldintzak hobetzea du helburu proiektuak, hiriko auzoetako lurralde kohesioa hobetzearekin batera. Izan ere, bizilagunen batez besteko adina altua den auzoetan familia gazteak sartuz, zaharren eta gazteen arteko bizikidetza sustatuko dute, baita auzo horietako bizitza berpiztu ere.
Auzotarrentzat zerbitzu falta
Morlansen etxebizitza horiek eraikitzeko udalak Jaurlaritzari utzitako gunea «zerbitzuetarako lursaila» dela gogoratu du Morlansko auzo elkarteak; horren arabera, lursaila auzotarrentzat zerbitzuak eskaintzeko erabili beharko litzateke. «Proiektuan aurreikusitakoak etxebizitza sozialak direnez, zerbitzu gisa hartu dituzte, baina hori ez da horrela» azpimarratu dute auzo elkartekoek. Hori horrela, auzo elkartea ez dago ados eremuari emango zaion erabilerarekin, izan ere, uste dute lursailaren inguruan «aspaldi» adostutakoa ez dela errespetatu: «Ez da guk espero genuena, izan ere, auzotarren bizitzengan eragina izango zuen zerbait izango zela uste genuen».
«Morlansen ez daukagu auzotarrentzat inolako instalaziorik, eta behar handia dago kirolerako, kulturarako eta aisialdirako guneak izateko», adierazi dute. Era berean, Donostiako Udaleko arduradunekin «hainbat» bilera egin dituztela azaldu dute, instalazioen inguruko kezka jakinarazteko.