Aurten ere 'Oporretan euskaraz' udalekuak eskainiko ditu udalak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak atzo iragarri zuen aurten ere “Oporretan Euskaraz” udalekuak egingo dituztela, baina koronabirusak sortutako egoera dela eta hainbat egokitzapen egin beharko dituztela. Besteak beste, 7-12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute soilik, 4-6 urte bitarteko umeen segurtasuna ezin baitute bermatu.
Udalak jakinarazi duenez, 2020ko uztailaren 1etik 30era eskainiko dira, 9:00/9:30etatik 13:00/13:30etara, eta zortzi edo bederatzi haur inguruko taldeak izango dira asko jota. Taldeak osatzeko, hizkuntza eredua, jaiotza data eta jasotze puntua hartuko dituzte kontuan. Guztira, 600 haurrek hartu ahal izango dute parte. Eskola inguruetan egingo dira aurtengo udalekuak, eta irteeraren bat edo beste eskainiko dute.
Udalekuetan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da haur guztiek maskarak etxetik eramatea. Era berean, antolatzaileek ere beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuko dituzte, hala nola haurren sarrera mailakatua edo tenperatura hartzea.
Izena emateko epea asteazkenean, ekainaren 3an, zabalduko da, eta ekainaren 8an itxiko da. Udaletik gomendatu dute izen-ematea online egitea, euskara zerbitzuko edo Donostiako Udaleko webgunean. Aurrez aurreko arreta nahiago dutenek, Konstituzio plazan dagoen udaleko euskara zerbitzuko bulegora gerturatu beharko dira 9:00etatik 15:00etara.