"Euskal Herritarrei erronka bat jarri nahi izan diegu denok elkarrekin inoiz egin den biderik jendetsuena egiteko"
Euskal presoen aldeko ostiraletako karteladak atzo itzuli ziren Donostiara, eta Euskal Herriko beste hainbat puntutan ere itzuli dira manifestazio eta kontzentrazioak. Han egon ziren Etxerateko Naike Diez eta Sareko Inaxio Oiartzabal. Izan ere, mobilizazioen itzulerak hasiera ipini dio Sarek antolatutako ‘Izan bidea’ egitasmoari.
Zertan datza Izan bidea egitasmoak?
Inaxio Oiartzabal (I.O.): Euskal Herritarrei erronka bat jarri nahi izan diegu denok elkarrekin inoiz egin den biderik jendetsuena egiteko. Oinarrian, helburua da Euskal Herriak duen biztanle adina, hau da, 3.127.326 kilometro egitea, ahalik eta jende gehienak, norberak nahi duen moduan —oinez, korrika, igerian, bizikletan—. Ahalik eta jendetsuena izatea bilatzen dugu, ea denon artean presoen etxeratze bidea elkarrekin egiten eta babesten dugun, hori, azken batean, bakerako pauso bat izango litzatekeelako.
Zergatik da garrantzitsua Izan bidea dinamika zuentzat?
I.O.: guretzat oso une garrantzitsu batean jarri dugu martxan. Denbora asko daramagu honetan lanean, arlo desberdinetako eragileekin. Elkar ulertzea eta adostasunak bilatzea kostatu zaigu, baina uste dugu, azkeneko urteetan batik bat, eragile sozial, politiko, instituzional eta sindikal ia osoak bat egin duela eta bat datozela salbuespenezko espetxe politikaren amaiera beharrezkoa dela dion ikuspuntuarekin. Ondorioz, Uste dugu une egokia dela Espainiako gobernuak pauso bat eman dezan eskatzeko, eta ‘Izan bidea’ egitasmoak horretarako balio dezake”
Naike Diez (N.D.): mundua erabat gelditu da konfinamendu egoeran, eta guretzat, senideontzat, mundua beste modu batean ere geratu da, ezin izan baitugu bisitarik egin; preso dauden gure senideak ikustera joateko aukera galdu dugu. Bi hilabete ondoren kalera ateratzen ari garenez gero, uste dugu berriro ere mahai gainean jarri behar dugula euskal preso eta iheslari politikoen egoera, salbuespen politika berehala amaitu dadin eta etxeratze prozesuko lana has dezagun.
Zein jarduera aurreikusten dituzue?
I.O.: asteburu honetako egitasmoekin ideia da lehen kilometroak elkarrekin egitea. Horretarako, senideentzat hain garrantzitsuak diren hirietako eta herrietako ostiraletako mobilizazioetan parte hartzera deitu dugu jendarte osoa, hasiera indartsu bat emateko. Eta asteburuan zehar, herrietan egitasmo gehiago aurreikusten dira.
N.D.: atzo berreskuratu genuen kartelada ia osotasun osoz. Joan den ostiralean ere egin genuen, baina formatu desberdin batean, alegia, kontzentrazio formatuan, hirian ibilbidea egin ordez. Atzo ibilbidea egin genuen berriro, nahiz eta babes neurriekin egin behar izan dugun. Eta gainera, berezia izan da Sarerekin batera Izan bidea egitasmoa hauspotzeko aukera izan dugulako.
Nola parte hartzen da Izan bidea egitasmoan?
I.O.: kilometroak kontatzeko mugikorretarako aplikazioa sortu dugu. Hori jaitsi eta izena eman behar da. Bidea hainbat modutan egin daiteke: bakarka edo talde txikitan, herriko mendi irteeretan edo antolatu daitezkeen askotariko mobilizaziotan. Norberak beretik egin behar dio ekarpena bideari, ahal edo nahi duen moduan.
Noiz arte aurreikusten duzue egitasmoa luzatzea?
I.O: ez dugu epemugarik jarri, parte hartzearen araberakoa izango baita. Dena den, ez ditugu kilometro guztiak arrapaladan egin nahi. Garrantzitsuena ahalik eta jende gehienak parte hartzea da, eta ez hainbeste gutxi batzuen artean kilometro asko egitea. Dena den, badago bidea amaitzeko modu azkar bat: espetxe politika aldatzea. Baina hori Espainiako gobernuaren esku dago.
Zein izan da donostiar presoen egoera koronabirusaren pandemia honetan?
N.D.: egia da espetxeko bizitza ez dela asko aldatu. Nahiko isolatuta dauden zentroak dira, eta are gehiago isolatu dituzte pandemia hasi zenetik. Bertako langileek babes neurriak daramatzate, eta bisitak, prentsa eta abar debekatu dituzte. Patioko ordutegi laburragoak jarri dituzte, tailerrak eta gimnasioak itxi, eta presoak euren artean ibiltzea mugatu dute. Hala ere, egunerokotasunean ez dute hainbesteko aldaketarik nabaritu.
I.O.: egia esan, kezka handia egon da birusa eratzeko toki aproposa delako kartzela. Hainbat kartzelatan COVID-19 kasuak egon dira, baina, dakigunez, euskal presoei edo preso donostiarrei dagokienez inor ez da kutsatu. Hala ere, koronabirusaren egoerak erakutsi du salbuespenezko espetxe politikak zenbateraino zigortzen dituen euskal presoak. Berez zigor bikoiztua badute, koronabirusak erakutsi du zigor hirukoitza ere izan dezaketela: bisitarik gabe daude oraindik, konfiantzazko medikurik gabe eta medikuekin egoteko zailtasunekin, arazo askorekin. Horrek, noski, areagotu egin du Izan bidea martxan jartzeko beharra.
Nolakoa izan da bisitak egiteko aukerarik ez izatea?
N.D.: gogorra izaten ari da, ez baitakizu noiz ikusi ahalko duzun zure senidea, eta telefono bidez edo bideo dei bitartez komunikatu dezakezulako soilik. Gainera, jada urrun dauden senideak oraindik bakartuago eta isolatuago daude, azken batean komunikazio bide nagusia diren bisitak etenda baitaude.
Bisitak noiz utziko diren badakizue?
I.O.: dagoeneko onartzen hasi dira, baina ez probintzia arteko bisitak. Hori dela eta, euskal presoen kasuan inork ezin du bisitarik eduki. Horregatik, gure eskaeretako bat izan da bisitarako frogagiriarekin probintzia arteko bidaiak uztea. Azken batean, horrekin ez dugu osasun neurririk hausten. Momentuz, erantzunaren zain gaude.
N.D.: dena den, aukera hori aztertzen saiatzen ari gara, baina inork ez digu bermatzen momentuz bidean harrapatuz gero isunik jasoko ez dugunik. Eta beste arazo bat da Frantzian dauden presoak bisitatzeko muga pasatzea. Edozein kasutan, uste dugu konfinamendua arintzeko prozesua espetxean bereziki motela izango dela. Eta bisitak lehengo erritmora itzultzea ere kostako dela. Azken batean neurri batzuk ezarriko dira, bisitari kopuruari dagokionez, edo arrisku taldeko bisitari edo presoei dagokienez, esaterako.
Eta gainontzeko neurriei dagokienez —graduetan aldaketak, esaterako—?
I.O.: oraingoz, bigarren graduko baimenak, irteera baimenak edo bi eguneko baimenak geldirik daude, eta graduen arteko progresioaren praktika geldirik dago. Konfinamendua arintzeko prozesua kartzeletan ere martxan jarri dutela badakigu. Baina ez dakigu neurri horiek noiz jarriko dituzten berriro martxan.