Donostiako Udala bizikleten erabiltzaileen aurka doala salatu du Eguzkik
Donostiako Udalak bizikleten aparkalekuei buruzko abisu bat argitaratu zuen joan den astean, barandetan, zuhaitzetan edo eremu publikoko beste hainbat espaziotan utzitako bizikletak kendu eta dagokion isuna jartzeaz gain, udal gordailura eramango dituztela gogoratuz. Eguzki Talde Ekologistak salatu du udalak bizikleten erabiltzaileak jazartzen dituela: “Bizikleten erabiltzaileek euren bizikletak barandetan ez uzteko larderiazko neurri gisa bizikletak kentzea ez da onargarria, ezta pedagogikoa ere. Erabiltzaileek bizikletak leku ez aproposetan uzten badituzte, Mugikortasun sailetik aparkaleku gabeziari irtenbiderik ematen ez zaiolako da”.
Eguzkik azpimarratu du konfinamenduaren arintzeak eguraldi onarekin bat egin duela eta, beraz, azken egunotan jende ugari joan dela Donostiako hondartzetara. Ekologisten ustez, horrek bizikletentzako aparkalekuen eskaintza urria agerian utzi du, azaldu dutenez, hamaika aparkaleku multzo baitaude Zurriolako espigoiaren zonan, bederatzi Kontxako Eguzki zonan eta hamabi Ondarreta aldean. Udalak joan den astean zabaldutako oharrean, hirian bizikletak uzteko 8.250 plaza inguru daudela azaldu zuten, autobus geltokikoak eta Pio XII.-koak barne. Era berean, adierazi zuten datozen asteetan hondartza eremuetan aldi baterako bizikletentzako tokiak egokituko dituztela.