Nest zinema ikasleen film labur lehiaketan izena emateko epea ireki dute gaur
Gaurtik aurrera zabalik dago Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatutako XIX. Nest zinema ikasleen film labur lehiaketan izena emateko epea, eta uztailaren 1ean bukatuko da.
Nest lehiaketa Zinemaldiko ataletako bat da, eta aurtengo edizioa irailaren 21etik 23ra egingo da. Parte hartzeko, zinema eskola bakoitzak asko jota hiru film labur aurkezteko aukera izango du, derrigorrez lehiaketa aurreko hamabi hilabeteetan ekoitzitakoak. Aurkeztutako lan guztietatik, hamabost bat hautatuko dituzte Zinemalditik aurtengo edizioan proiektatzeko. Irabazlea zinema eskoletako ikaslez osatutako epaimahaiak hautatuko du, eta 10.000 euroko diru-saria jasoko du.
Iaz 373 film labur aurkeztu ziren guztira, 46 herrialdetako 186 eskolatakoak. Alegia, aurreko edizioko datuekin alderatuz, %22 igo zen aurkeztutako film laburren kopurua eta %34 parte hartu zuten eskola zenbakia.
Parte hartzeko oinarri guztiak, baita izen-emate formularioa ere, lotura honetan irakur daitezke.