Udalak 1.429 merkataritza eta ostalaritza establezimendu txikiri emango dizkie diru-laguntzak
Donostiako Udalak hiriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu txikiak laguntzeko plan ekonomiko bat abiarazi zuen apirilean, eta 1.429 establezimendu txikik jasoko dituzte diru-laguntzak. Plan ekonomikoaren lehenengo fasea izan da hamar langile baino gutxiagoko establezimenduei diru-laguntzak ematearena, eta ekialdeko auzoetako establezimenduei zein emakumeen eskuetan daudenei laguntza bereziak eman dizkiete. Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziaren arabera, harrera ona izan dute diru-laguntzen, eta ordaintzen hasi dira dagoeneko: “Guztira 1.643 eskaera aurkeztu ziren horretarako prestatutako leihatila bakarrean, eta 1.429ri eman zaizkie laguntzak. Diru-laguntza, azkenik, 916 eurokoa da eskatzaile bakoitzeko, eta 1.100 eurokoa izango da establezimenduak hiriaren ekialdean badaude edo emakumeek sustatzen badituzte, eta 1.285 eurokoa, berriz, bi baldintza bereziek bat egiten badute”.
Horretaz gain, 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 15era sortutako enpresentzako diru-laguntza berezi batzuk prestatu zituen udalak, eta izandako 160 eskaeretatik 140 onartu dituzte; 1.264 euro jasoko ditu enpresa bakoitzak, eta 1.517 euro emakume ekintzaileen eskuetan baldin badaude. Era berean, Donostiako Sustapenaren Zentroetan kokatutako 214 enpresei alokairua ordaintzeko epea atzeratu diete, eta ez dizkiete gastu komunak kobratu. Pandemia pasatzen denean aurkeztuko dute enpresa horietako bakoitzaren egoera.
Bestalde, plan ekonomikoaren bigarren fasea Donostia Market Plaza plataforma izan da, non hiriko 367 establezimendu txiki dauden bilduta. Plataforma horren bitartez, herritarrek kontsumo bonuak erosi ditzakete hamalau eurotan, eta hogei euro izango dituzte gastatzeko hautatutako establezimenduan, udalak jarriko baititu beste sei euroak. Udalaren arabera, 400.000 bisita izan ditu Donostia Market Plaza webguneak, eta 9.340 bonu saldu dituzte orain arte –28.960 jarri zituzten salgai–, 310 establezimendutan banatuta; hau da, 186.680 euroko balioa dute bono horiek guztiek batera.
Etxez etxeko zerbitzua
Kontsumo bonuez gain, berritasun gisa, Donostia Market Plazako establezimenduentzako etxez etxeko banaketa zerbitzu bat abiarazi du udalak, nahiz eta joan den astean alkateak esan zuen establezimendu bakoitzak bere kabuz egingo zuela etxez etxeko banaketa, hasieran behintzat. “Gure negozioei pertsonen egoera eta erosteko ohitura berrietara egokitzen lagunduko dien beste neurri bat da. Tresna horren bidez, establezimenduek zerbitzu eraginkorra, jasangarria eta berritzailea kontratatu ahal izango dute, eta hori gauzatuko duten pertsonentzako lan-bermeak izango ditu”, azaldu du Ramosek.
Egitasmoak sei eta bederatzi langile artean izango ditu kontratatuta, zuzenean banaketan jarduteko. Jasotzen dituzten eskaeren arabera, banaketa aldatu egin daiteke, baita zerbitzuak eskatzen duen logistikarako edo kudeaketarako langileekin osatu ere. Bestalde, CO2-rik igortzen ez duten ibilgailuekin egingo dute banaketa: Erdialdeko zonetan, Grosen eta Amaran bizikletak, karga-trizikloak eta motor elektrikoak erabiliko dituzte, eta gainontzeko auzoetan, aldiz, furgoneta elektrikoak erabiliko dituzte. Herritarrek 24 orduko epean jasoko dituzte eskatutako produktuak, eta, premiazko tarifa kontratatuz gero, egunean bertan. Produktu ez galkorrak, fruta, elikadura eta loreak banatuko dituzte, baina ez dute aurreikusten produktu beroak edo izoztuak banatzea.