Bizikletentzako aldi baterako 198 aparkaleku jarriko ditu udalak
Donostiako Udalak bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko ditu hondartzetan. Aste honetan, 198 plaza ezarriko dira aldi baterako 22 aparkalekutan, Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hondartzen inguruetan. “Herritarrak modu eredugarrian ari dira erantzuten bizikletaren erabileraren sustatzeari; horregatik, udalak dinamika horri lagundu nahi dio, 198 plaza berri horiek udan jende gehien ibiltzen den eremuetan ezarriz”, azaldu du Pilar Aranak, Mugikortasuneko zinegotziak.
Aldi baterako bizikleta aparkalekuak eremu hauetan kokatuko dituzte. Zurriola pasealekuan –Kursaaleko kubo txikiaren alboan–, sei aparkaleku eta 54 plaza; Jesus M. Leizaola pasealekuan –kai muturraren aldea–, sei aparkaleku eta 54 plaza; Marques Miraflores kalean, bost aparkaleku eta 45 plaza; Kontxako pasealekuan –Ondarretako tunelaren ondoan–, aparkaleku bat eta bederatzi plaza; eta Eduardo Txillida pasealekuan –Tenisaren ondoan–, lau aparkaleku eta 36 plaza.