Espaloietan dabiltzan bizikletak eta patineteak kontrolatzeko kanpaina hasi du udalak
Uda hurbiltzen ari denez, gero eta bizikleta eta patinete gehiago ikusten dira Donostiako kaleetan, eta udalak espaloitik dabiltzanak kontrolatzeko kanpaina abiatu du. Udalak gogoratu du mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek bidegorrietatik edo galtzadetatik joan behar dutela, eta, horregatik, aste osoa iraungo duen kanpaina abiatu du. Horrela, mugikortasun agenteak 8:00etatik 21:00etara hiriko kaleetatik ibiliko dira, “txirrindulari eta patinete elektrikoen erabiltzaileei espaloietan ibiltzeko debekua gogorarazteko”. Hau da, aste honetan zehar pedagogia egingo dute agenteek, baina datorren astetik aurrera baliteke espaloitik dabiltzanei isunak jartzea.
Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak “herritarrek garraiobide garbi eta osasungarri horien alde egindako apustua” eskertu du, eta nabarmendu du kanpaina honen helburua “oinezkoekin istilurik ez izatea eta bide publikoaren erabiltzaile guztien artean segurtasuna eta elkarbizitza sustatzea” dela. Era berean, udalak azpimarratu du azken asteotan autoak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak elkarbizitzan ibiltzeko guneak ahalbidetu dituztela –Askatasunaren hiribidea eta Kontxa pasealekua, batik bat– eta, beraz, “bizikletak eta patineteak zirkulatzeko espazioa handitu” egin dela.