Arte Ederren eraikina SADEk konpondu behar duela dio EAEko Auzitegi Gorenak
EAEko Auzitegi Gorenak sententzia berri bat plazaratu du Arte Ederren eraikinaren ingurukoa, eta berriz ere arrazoia eman dio Donostiako Udalari. Epaiaren arabera, SADEren ardura da eraikinaren kalteturiko zatiak konpontzea. Udalak horixe bera exijitu zion, eta sententziak berretsi du. Eskaera horri errekurtsoa jarri zion jabeak eta Donostiako 3. Administrazio Epaitegiak arrazoia eman zion. Ordea, EAEko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du erabaki hori.
Maiatzean ere arrazoia eman zion auzitegiak udalari, SADEk eskatzen zuen kalteordaina gaitzetsita. Izan ere, enpresak ia 14 milioi euro erreklamatzen zituen eraikinaren eraikigarritasuna eta erabila era bidegabean murritu zitzaiola argudiatuz. Eneko Goiak alkateak “lasaitu handia” hartu zuen sententzia horrekin.
Otsailean, berriz, udalak baimena ukatu zion SADEri Arte Ederren eraikinaren estalkiaren eta barne egituraren zati bat botatzeko baimena. Iazko apirilaren 24an eskatu zuen eraikinaren jabeak besaulkien aretoko sabaia eta gela bereko egiturak botatzeko baimena, eraikinak erortzeko arriskua zuelako.