"Garai bateko ohiturak gutxinaka ari gara berreskuratzen, eta kultur eskaintzara ere halaxe ari gara gerturatzen"
Astelehenean ekin zion berriro Tabakalerak aurrez aurreko jarduerari, besteak beste, erakusketa aretoak zabalduz. Hala ere, itzulera mailakatua egingo du Kultura Garaikideko Zentroak. Tabakaleraren eta oro har kulturaren normaltasunerako itzuleraz, baita itxialdian eskaini duenaz aritu da Edurne Ormazabal zuzendari nagusia.
Ateak berriro ireki ditu zentroak. Zer moduz joan da?
Ondo, lasai joan dela esango nuke. Astelehenean nabaritu genuen irekierarekin hedabideak etorri zirela, eta hiritar asko ere gerturatu zirela Julio Le Parc-en kuboa ezagutu eta argazkiak ateratzeko. Baina oro har ez ditugu jende pilaketa arazoak izan, eta oso graduala izan da.
Bisitak normaltasunera itzultzen ari dira, ala jendeari gerturatzea kostatzen zaio?
Garai bateko ohiturak gutxinaka ari gara berreskuratzen , eta kultur eskaintzara ere halaxe ari gara gerturatzen. Donostiako gainontzeko kultur erakundeekin hizketan aritu naiz, eta denon sentsazioa antzekoa da: jendea gutxinaka joango dela gerturatzen. Bestalde, egia da geuk ere ez ditugula zerbitzu guztiak martxan jarri, eta mailakatuta abiaraziko ditugula. Horrek ere eragina du ziurrenik.
Uda aurretik normaltasuna berreskuratzea aurreikusten duzue?
Normaltasuna berreskuratzeko denbora gehiago beharko dugu, dudarik gabe. Gure eskaintzaren ehuneko garrantzitsuena martxan jarriko dugu ekaina bukaerarako: erakusketa aretoak dagoeneko zabalik daude, Ubik liburutegian apurka-apurka joango gara zerbitzu eta gailu guztiak eskuragarri jartzen, eta ekainaren 17an zinema berriro ere programatzen hasiko gara. Baina, esaterako, epe motzean ez dugu aurreikusten Tabakalerak duen plaza izaera berreskuratzea. Ondorioz, ez dut uste normaltasun osora itzuliko garenik momentuz, eta gainera, kostako zaigu normaltasun egoerara iristea.
Kultura entretenimendurako ezinbesteko tresna izan da itxialdi egoeran. Zein egitasmo bultzatu dituzue Tabakaleratik horretarako?
Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea kultura, geure ikuspegitik, ez dela entretenimendurako bakarrik. Kulturak gertatzen zaiguna nolabait interpretatzeko tresnak eskaintzen dizkigu, eta eraldaketa hauen ondoren etorkizunak ekar dezakeena imajinatzeko balio digu. Tabakalera Etxean egitasmoa ikuspuntu horrekin bultzatu dugu hain zuzen ere, eta mota guztietako debateak eta bestelako egitasmoak bultzatu ditugu honen bitartez. Hala ere, arreta berezia jarri diegu arte munduko sortzaileen piezei. Hemengo hainbat artistek egoera honi erantzunez planteatu dituzten askotariko obrak erakutsi ditugu plataforma digital horretan. Eta hori izan da Tabakalerak, konfinamendu egoera honetan, Tabakalera Etxeanen bitartez eskaini duen balio erantsi nagusia. Modu horretan, gainera, artista horiei lan aukera eskaini ahal izan diegu. Horrelako krisi egoeratan, beste sektore batzuk bezala kultur sektoreak ere asko sufritu du, eta Tabakalerak sektoreari lan eta bizimodu aukerak eskaintzeko erantzukizuna ere badu.
Zer iruditzen zaizue jendeak Tabakalera Etxean egitasmoari eman dion erantzuna?
Oso pozik gaude. Espero genuena baino erantzun zabalagoa lortu dugu. Agian ez da erantzun izugarri handia izan, baina gure proposamenak ere ez dira horrelakoak. Aldiz, fideltasuna lortu dugu. Aipatutako artelanen aurkezpenetan, astez aste, geroz eta jende gehiago erakartzea lortu dugu, galdera bitartezko interakzioa bultzatuz.
Egitasmoa mantentzea aurreikusten duzue ala dagoeneko bete du bere funtzioa?
Pandemia iritsi aurretik gure eskaintza digitalak garatu behar zuen estrategia zein izan behar zuen hausnartzen ari ginen, eta plataforma bat dagoeneko martxan genuen. Hemendik aurrera, kulturaren kontsumoa geroz eta gehiago eremu digitalerantz doala ikusiz, ezin dugu plataforma alde batera utzi. Hori dela eta, hemendik aurrera ere, Tabakalera Etxean edo beste izen baten pean, gure jarduerak antolatzean kontuan izan beharko dugu zenbateraino gauza batzuk hemen, Tabakalerako eraikinean, gerta daitezkeen, eta beste proposamen batzuk eremu digitalean. Eta zenbaitetan biak ere nahastu beharko ditugu. Esaterako, Brasilen dagoen zinemagile batek hitzaldia bere etxetik eman dezake, eta beharbada ikusleak hemen egon daitezke, gure zinema aretoan, eta gero filma ikusi.
Normaltasunerako itzuleran, zer eskaini diezaieke Tabakalerak hiritarrei?
Kulturak eskaini dezakeen gauza berbera. Lehen esan dudan bezala, kultura gure errealitateak eta gertatzen zaiguna ulertu eta interpretatzeko tresna bat da. Gauzak ulertzeko beste optika batzuk eskaintzen dizkigu eta pistak ematen dizkigu.
Pandemiak eta koronabirusak kultura kontsumitzeko modua aldatuko duela uste duzu?
Ez dut uste. Beharbada, kontsumo digitala indartuko ditu. Baina hori koronabirusik gabe ere gertatuko zen. Beste eremu guztietan bezala, eraldaketa digitala kontsumo portaerak aldatzen ari da, eta hala jarraituko du. Dena den, badaude kontsumo fisikoaren hainbat ezaugarri digitalak nekez eskainiko dituenak, ezin baitira erreproduzitu, besteak beste, emozioak, eta besteekin partekatzeko eta komunitate baten parte zarela sentiarazten dizuten egoera batzuk.
Datozen hilabeteetan Tabakaleratik aurkeztuko duzuen kultur programazioko gaiek pandemia egoerarekin lotura izatea aurreikusten duzue?
Oraingoz, ez. Gure estrategiaren barnean ez dago halako erabakirik. Dena den, ziurrenik krisiak, hain bat-batekoa eta hain distopikoa izan denez, sortzaileengan eragina izango du, eta ondorioz, horren isla programazioetan ikusiko da.
Nola ikusten dituzue datozen hilabeteak?
Ezjakintasunez beteak, beste alorretan bezala. Ez dakit inoiz berreskuratuko ditugun etorkizunerako ziurtasunezko aurreikuspenak. Hori dela eta, ezjakintasun eta kezken garaia izango dela uste dut.