Informazio puntu gisa erabiliko dituzte udan Cristina Enea Baliabideen Etxea eta Uliako Interpretazio Zentroa
Joan den martxoaren 13tik itxita daude Cristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxea eta Ulia Interpretazio Zentroa, baita Urgull mendiko Natur Txokoa. Cristina Enea Fundazioak jakinarazi duenez, datorren astelehenean, hilaren 8an, lehenengo biak zabalduko dituzte, “modu murriztuan eta zenbait baldintzapean”; Urgullleko Natur Txokoak, aldiz, itxita jarraituko du datorren urtera arte.
Fundazioak aditzera eman du ohiko jardueren eskaintzarik ez dela izango aurtengo udan, eta informazio puntu gisa bisitatu ahalko dira soilik bi lekuak. Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxea irekita egongo da egunero 10:30etik 14:00etara, eta 15:00etatik 18:30era; igande eta jai egunetan goizez bakarrik irekiko dute. Liburutegia, komunak eta erakusketa gelak itxita egongo direla azaldu dute.
Ingurumen Baliabideen Etxera joaten diren herritarrek, segurtasun neurriak jarraitu beharko dituztela ohartarazi dute, eta maskara beti soinean dutela sartu beharko dira eraikinean, banan-banan. Han, harreran, hirian eta parkean bertan egin daitezkeen jardueren inguruko informazioa emango die fundazioko langile batek. “Aurtengo udan gure jarduera eskaintza aldatu behar izan dugu, koronabirusaren krisiak hala behartuta; hala ere, Cristina Enea Fundaziotik naturaren, bioaniztasunaren eta ekosistemen ezagutzan sakontzeko ekimenak lantzen ari gara, hala nola, bisita autogidatuak eta audio gidak, besteak beste”, adierazi du Txema Hernandezek, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.
Ulia Interpretazio Zentroa
Cristina Enea Fundazioak 2012. urtetik kudeatzen du Ulia Interpretazio Zentroa, eta han, Uliari buruzko informazioa eskuratzeko aukera dago. Hain zuzen, eremuaren historiari, geologiari eta ingurumenaren inguruko informazioa jaso daiteke, bertako erakusketa iraunkorraren eta aldi baterakoen bidez.
Astelehenetik aurrera, Interpretazio Zentroko harreran Ulian egin daitezkeen jardueren inguruko informazioa eskuratu ahalko dute bisitariek, hala nola, ibilbide autogidatuak, orientazio zirkuituak, familientzako ariketak eta jolasak, eta abar. Betiere, Egiako parkeko etxeko segurtasun eta osasun neurri berberak jarraituz.
Ekainean larunbat eta igandetan egongo da irekita Interpretazio Zentroa, 11:00etatik 14:00etara, eta asteartetik igandera uztailean eta abuztuan, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.