Joana Hogg: Zinema britaniarraren azken aurkikuntza
‘The Souvenir’
Zuzendaria: Joana Hogg
Urtea: 2019
Herrialdea: Erresuma Batua
The Souvenir (2019) -Martin Scorsesek ekoitzi eta Sundanceko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi duen filma- lanaren arrakastak merezi duen oihartzuna eman dio Joanna Hoggi. Prentsak «Zinema britainiar garaikidearen sekretu nabarmenduenetakoa» dela esan du, eta Sevillako Zinemaldiak atzera begirakoa eskaini dio azken jaialdian. Baina, nor da Joanna Hogg? Zein da 60 urte dituen emakume zinemagile honen ibilbidea? Berlin, Londres, Locarno eta Sundance zinemaldietan lehiatu bada, nolatan ez dugu lehenago bere inguruan entzun? Zergatik ez dira bere filmak pantaila handian estreinatu?
Jakin-min handiz bere filmografia osatzen duten lau filmetara jo, eta hain gustuko izan dudan Hoggen zinema zertzeladetan islatzen saiatuko naiz. Baina nondik hasi?
Esperientzia pertsonaletatik abiatzen den zinema da. Goi klaseko pertsonaien erretratu piktorikoak eskaintzen ditu beti, eta emakumeen istorioak nagusiki, bere inguruko kontakizunak. Hori bai, pertsonaien gatazka emozionalak nagusitasun moraletik ihesi, sentimentalismoan erori gabe eta ironia pittin batekin emango ditu ezagutzera.
Unrelated (2007) filmean 40 urte inguruko krisia, bakardadea eta amatasunaren inguruan hausnartuko du; Archipielago (2010) filmak, aldiz, familia dinamiken eta tabuen inguruko gogoeta dakarkigu; Exhibition-en (2013) bikote batek salmentan jarri berri duen etxearekin duen lotura emozionala aztertuko du; eta, azkenik, The souvenir (2019) filmak, droga mendekotasuna eta bikote harreman toxikoak mahaigaineratuko ditu.
Azken horretan, gainera, Hoggek 80. hamarkadara joko du auto fikzio bat eskaintzeko. Garai hartan Britainia Handiko Zinema eta Telebistako Eskola Nazionalean egiten zituen ikasketak, protagonistak bezala; han osatu zuen bere begirada zinematografikoa eta han ikasi zuen 16mm-tan eta Super8-rekin filmatzen (Derek Jarmanek utzi zion bere lehen kamera). Hartaz, filmean zehar protagonistak zinema eta artearen inguruko eztabaida sakonak izango ditu, Hoggen zinemak artearen inguruan hausnartzen baitu beti. Azpimarratzekoa da filmeko eszena hau: filmari izena ematen dion margolana begira -Jean Honore Fragonard-en The Souvenir– daude protagonistak:
-Julie: She looks sad.
-Anthony: I think she looks determined.
Zinea, margolaritza eta nola ez, arkitektura. Istorio bakoitzak espazio zehatz baten inguruan jardungo du. Horrela, bere filmografian Italiara bidaiatuko dugu, Toscanako landetxe ikaragarri batera, eta Cornuallesko irla bateko cottage batera ere joango gara oporretan. Gainera, James Melvin arkitekto britainiarrak diseinatutako etxe deigarrian biziko gara ordu eta erdiz. Gozagarria benetan.
Eta aipagarriena deritzodan hori: Hoggen zinemak fikzioaren eta errealitatearen mugak hausteko duen gaitasuna. Jean Renoir eredutzat hartuz, antzezlanen bat-batekotasuna txertatzen du filmetan, fikzioaren eta errealitatearen arteko etengabeko tentsioa mantenduz. Horrela, naturaltasunaren bila beti, hainbat izen handiko aktore ezagutzera eman ditu.
Bere lehen film laburrarekin, Caprice (1986), oraindik ezezaguna zen Tilda Swinton aurkeztu zuen, eta Unrelated filmarekin Tom Hiddleston ospetsua. Azken filmean, Honor Swinton Byrneren -Tilda Swintonen alabaren- antzezlana harrigarria da oso. Izango al da ere honakoa ibilbide oparo baten hasiera?
Hoggen zinema aurkikuntza zinema da, azken finean. Gaur egun, Filminen aurkitu ditzakegu Joanna Hoggen bi film, eta Tabakalerak bere atzera begirakoa eskainiko du udan zehar: Unrelated (Ekainak 27), Archipielago (Uztailak 18), Exhibition (Abuztuak 1) eta The Souvenir (Irailak 5). Joanna Hogg ezagutzeko prest?