Metroaren lanak Kontxako hondartzaren azpian egiten ari direla salatzeko elkarretaratzea egingo dute
Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratze bat egingo du ekainaren 21ean, Donostiako Metroaren lanak Kontxako hondartzaren azpian egiten ari direla salatzeko. Kontxako pasealekuko erlojuetan izango da protesta 13:00etan. Aurrez, 11:30etik aurrera ekintza informatiboa eta kale antzerkia egingo dute, “zentzugabeko azpiegitura honek Kontxako hondartzaren itsas-lurpea Perlatik Londres Hotelara 300 metroko tarte batean zulatu eta itsasazpian urak ponpatzeko potentzia handiko estazio bat kokatzea aurrikusten duela salatzeko”.
Alarma egoera ezarri zenetik metroaren lanek aurrera jarraitu dutela dio Satorralaiak. “Eusko Jaurlaritza ez ditu obrak gelditu, ezta osasun larrialdiaren une gorenean funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak eteteko dekretua bete ere”. Horrekin batera, jakinarazi dute langile batek publikoki adierazi duela lan istripua izan zuela obrak egitea debekatua zegoen egunetan. “Behargin gehienak lanean aritu ziren ETSren aginduz, mantenimendu lan gutxi batzuk egiteko aitzakiarekin atzeratuta zituzten lanak aurreratzen”.
Bestalde, metroaren lanek etxebizitzetan pitzadurak, arrakalak eta bestelako kalteak eragin dituelako bizilagunen salaketak ugaritu direla azpimarratu du Satorralaiak. “Easo kalearen (1 zenbakia) eta Zubieta kalearen (1-E zenbakia) izkineko eraikin batean ezegonkortze estrukturala gertatu da, etxearen egitura osoa mugitu eta obraren alderantz okertu da eraikina”.