Udaleko Txistulari Taldeak Egiara eramango du bere emanaldia igandean
Udaleko Txistulari Taldeak igandero Parte Zaharrean egin ohi duen emanaldia auzoetara eramatea erabaki du. Orain arte hainbat auzotan izan dira, eta igandean, ekainaren 7a, Egiako kaleetatik zehar ibiliko dira.
Egia Bizirik auzo elkarteak jakinarazi duenez, emanaldi ibiltaria 10:30etik 12:00etara izango da. Auzoaren goiko aldean, Belartzan, hasiko dira, eta San Frantzisko Xabier kaletik jarraituko dute; ondoren, Ametzagaña eta Karmengo Andre Mariaren kaletik jaitsiko dira, eta Tejeria eta Egia kaleetatik jarraituko dute bidea, Atotxaraino. “Txistuen doinuak entzuten badituzue, badakizue, auzoan ez dira jaiak. Udaleko txistularien bisita da. Ondo izan eta gozatu!”, adierazi dute auzo elkartekoek.
Txistulari Taldeak bertan behera utzi zituen bere zuzeneko emanaldiak duela bi hilabete, koronabirusak eragindako konfinamendu neurriengatik, eta joan den maiatzaren 17an itzuli ziren kaleetara. Konstituzio plazako erlojuak 9:00ak jo eta berehala abiatu ziren txistulariak San Jeronimo kalera, iganderoko diana egiteko.