Bazen 'hondartza' bat Amaran
XIX. mende amaierara arte, Urumea bazterrean harea pilatzen zen, eta, hala, hondartza moduko bat eratzen zen orduko Amaran. Garai hartan bultzatutako hiriko zabalguneetako proiektuekin batera desagertu zen.
Egun Donostiako postala hiru hondartzak osatzen dutela aski ezaguna da. Baina garai batean, beste ‘hondartza’ bat ere bazuen hiriak: Amarakoa. Javier Sada hiriko kronista eta historialariak dioenez, hala deitzen zitzaion Urumean itsasbehera zenean ibai ertzean geratzen zen hareatzari.
Sadak ez du uste hondartza eguzkia hartzeko erabiltzen zenik. Zentzuzkoa dirudi, ustez Amara hitzaren jatorrian dagoen Amarè edo Amarèda hitz gaskoien esanahia kontuan hartuta: Asier Agirresaroberen Lehengo Amara liburuxkan jasotzen denez, “eguzkirik gabeko lurra, ospela, ez emankorra, zingiratsua” esan nahi du. Hala ere, aisialdian eskoletako haurrek jolasteko erabiltzen zutela pentsa daiteke, garai bateko argazkiak begiratuta.
Bestalde, Agirresaroberen liburuxkatik uler daiteke Erdialdearen aurrean zegoen hareatzari ere deitzen zitzaiola Amarako ‘hondartza’. Aipatzekoa da garai hartako Amarak ez zituela gaurko mugak, askoz zabalagoak zirela. Amara Berrik, Morlansek, Aietek, Zorroagak, Miramonek eta Martutenek osatzen zuten lehengo Amara. Nekazaritza eremuko auzoa zen, 100 baserritik gorakoa, hala nola, auzoari izena ematen zion Amara edo argazki handiko lehen planoan ikus daitekeen Santiago. Era berean, Urumeak ere ez zuen zehazki gaur egun duen ibilbidea, garai batean «mugara» zihoan trenbideraino eta egungo topoaren trenbideraino iristen baitzen gutxi gora behera. Bestalde, egun Amara diren zenbait toki ibaiaren beste aldean geratzen ziren, eta Egia auzoaren parte ziren.
XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran Cortazar zabalgunearen lehen zatia eraiki ondoren, hiria are gehiago zabaltzeari ekin zioten. Amarako ‘hondartza’ zegoen tokian Hegoaldeko zabalgunea eraiki eta Santa Katalina eta egungo Realaren zubien arteko Urumeako zatian aldaketak egin ziren, ibaia bideratuz. Egia auzoko hainbat zona –argazki handian ikusten den eskuineko zatia– Amara izatera pasa ziren. Ondorioz, Amarak ‘hondartza’ izateari utzi zion.