Donostiako zortzi eragile izan dira Auzitegi Nazionalaren zerrendan
Herria tabernaz gain, Donostian badira Herriko tabernen auzian kondenatuak izan diren beste bi eragile: Loiolako Hontza taberna eta Groseko Marruma kultur elkartea. Eta, Parte Zaharreko tabernarekin gertatzen den modura, hauek ere ez dakite zer gertatuko den beraiekin. Auzitegi Nazionalak ETAren egitura finantziatzea egotzi zien 2014an, eta Auzitegi Gorenak haien kontu korronteen eta lokalen konfiskazioa agindu zuen duela bost urte. Geroztik, ‘herrikoak’ iritsi zitekeenaren zain egon dira.
Herriko tabernen aurkako sumarioa 2002ko apirilean hasi zen, eta ordutik honako ibilbidean auzian hainbat gertakari izan dira. Hasiera horretan, Donostian auzipetutako eragileak zortzi ziren, lehen aipaturikoez gain, Altzako Txalaka Berri taberna, Antiguako Antiguotarrak elkartea, Amarako Haritza taberna, eta Amara Berriko Ilunki eta Intxaurrondoko Zulo Zahar elkarteak ere Auzitegi Nazionalaren zerrendan zeudelako. Bada, 2002ko uztailean, Espainiak herriko tabernen lokalak enbargatu zituen, eta hurrengo urtean, hauek administrazio judizialaren menpe geratu ziren. Geroztik, auzipeturiko eragileek euren lokalekin nahi zutena egiteko aukera galdu zuten, estatuaren eskuetan geratu zirelako.
Epaiketa, ordea, ez zen 2013ra arte hasi, eta Auzitegi Nazionalaren epaia, berriz, 2014an ezagutu zen: Antiguotarrak, Ilunki eta Zulo Zahar absolbituak izan ziren, eta beste denak zigortu zituzten. Ordurako, baina, Haritza eta Txalaka Berri ez ziren existitzen, bestelako arrazoiengatik hamar urte lehenago itxi zituztelako, eta auzitegiak erruduntzat jo zituen arren, ezin izan du haiengandik ezer konfiskatu.
2015eko ekainean, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren sententzia berretsi zuen, guztira Euskal Herriko 101 herriko taberna eta eragile kondenatuz. Azken urteotan, baina, Espainiako Estatuak ez du ageriko mugimendurik egin, prozesua inoiz etenda egon ez den arren.
Joan den apirilean, baina, Auzitegi Nazionala ‘herrikoen’ konfiskazioa egiten hasi zen, eta Euskal Herriko hainbat taberna eta eragileren kontu korronteak enbargatu zituen. Donostiakoei dagokienez, ordea, oraindik ez da konfiskaziorik egin, baina hauek edozein unetan gertatuko direla espero da.