«Festak beste era batera ospatu daitezkeela uste dugu»
Uztaileko hirugarren astean izan behar zuten ere Groseko Zipotz jaiek, baina hiriko gainerako jaiak bezala, bertan behera gelditu dira COVID-19aren eraginez. Jai batzordea astero bildu da online konfinamenduan zehar, jaiak beste modu batera nola egin pentsatzeko.
Zer pentsatzen duzue jaiak bertan behera uzteko erabakiari buruz?
Ez zaigu asko gustatu erabakia. Osasun neurriak kontuan hartuta, jaiak ezagutzen ditugun eran ezingo genituela egin espero genuen, eta gainera horrekin bat egiten dugu; baina hortik bertan behera uztera salto handi bat dagoela iruditzen zaigu. COVID-19a gure bizitzetara iritsi zenetik, astero biltzen aritu gara, eta egoera honetara nola egokitu gaitezkeen aztertu dugu, festak beste era batera ospatu daitezkeela uste dugu.
Esan bezala, jaietan ohikoak diren harreman motak eta ospatzeko moduak birpentsatzen igaro dugu garai hau. Osasun neurriak kontuan hartuta, hainbat ekintza kultural antolatzeko asmoa genuen. Azken batean, udalak Aste Nagusia bertan behera geratuko zela adierazi zuenean, bestelako ekintza kulturalak antolatuko zituela esan zuen. Jazzaldia ere, modu egokitu batean egingo zela esan zuten, eta gure jaiak data antzekoetan direnez, guk ere hortik jo nahi genuen. Are gehiago, ezarritako osasun irizpideak jarraituta, horrelako ekitaldiak antolatzeko gai garela ere uste dugu.
Orain arte lanean jarraitzeko esan ondoren, egindako lana bertan behera uzteko deia egin zigun bat-batean Donostia Kulturak. Badakigu horren jabe badirela, bidalitako mezu batean arrazoi horrengatik barkamena eskatu baitigute; badakigu ere horrelako egoera berriak kudeatzea ez dela erraza. Baina esan beharra dugu, kudeaketa hori ez dela egokia izan, gurekin ezer kontrastatu gabe hartu baitute erabakia. Gaurko bilera batera deitu gaituzte, eta ondo joango dela espero dugu.
Jai batzordeak bazuen zerbait antolatuta aurtengo jaietarako?
Esan bezala, urtero egiten dugun egitaraua errepasatzen aritu gara, eta antolatzen ditugun ohiko ekintzetatik zeintzuk egin zitezkeen, eta horiek nola egokitu pentsatzen aritu gara. Gu lantaldeka antolatzen gara, eta lantalde bakoitzak bere arloaren inguruko ekintzak osasun neurrien arabera nola egin zitezkeen eztabaidatzen aritu gara. Gainera, kontuan hartu behar da gure diru sarrera handiena auzoko saltokiak eta feriak izaten direla, eta bagenekien aurten diru sarrera hori ez genuela edukiko. Beraz, osasun neurrietara eta egoera ekonomikora egokituko ziren jaiak prestatzen aritu gara. Jai batzordearekin elkarlanean aritzen diren auzoko bestelako eragileak, besteak beste, Zabaleta kaleko saltokiak, Surf Indarra taldea, eta Urban 13 kolektiboa, euren egitarauak egokitzen eta modu berriak asmatzen aritu dira ere.
Jarduera itxirik ez genuen, osasun neurriak fasez fase egokitzen ari direlako, eta unean uneko erabakiak hartu behar direlako. Baina musika talde, abesbatza eta ikuskizun batzuekin hitz egin dugu, denon artean zerbait antolatzeko asmoz.
Jaiak bere horretan egin ez arren, beste motaren bateko jardueraren bat egitea pentsatu duzue?
Bai. Egungo egoeran, ezinbestekoa iruditzen zaigu auzoa alaitu eta animatzea; izan ere, festek betetzen dituzten funtzioak inoiz baina beharrezkoak direla ikusten dugu. Alegia, auzotarren arteko elkartasuna eta giroa oso garrantzitsuak dira ezinegonez beteriko garai honetan; bakarrik ez gaudela jakitea eta elkartasuna sentitzea, fasez fase egokitzen joateko oinarrizkoak dira. Gainera, auzoko kulturgile, ostalari eta merkatarientzat ere lagungarria litzateke ekintza txikiak antolatzea. Hori gutxi balitz, gauzak beste era batera ere egin daitezkeela erakutsi nahi dugu, osasun neurriak betetzeko imajinazioari eta egiteko modu berriei heltzea zeinen garrantzizkoa den ikusarazi nahi dugu, eredugarriak diren jarduerak antolatu nahi ditugu. Esan bezala, oraindik ez dugu ekintzarik zehaztu, baina adibide bat ematearren, txupinazoa atzeko aldea irekia duen kamioi batean eman daitekeela pentsatu dugu, bertan erraldoiak egon daitezke, baita dultzaineroak ere, auzoko kaleak alaitzen.
Nola eragingo du honek auzoan?
Jaiek dakarten alaitasun eta elkartasuna oso garrantzitsuak dira, baita auzoko saltoki eta ostalarien artean sortzen den mugimendua, alde ekonomikotik ere begiratuta. Jaien beste ezaugarri bat da herritarrok egun horietan zehar kalea inoiz baina gehiago hartzen dugula. Hain justu ere, hori da konfinamendu garaian galdu duguna, eta uste dugu beharrezkoa dela errekuperatzea, beldurra pixkanaka galtzea, betiere gure osasuna zainduz, noski.
Terrazetan eta hondartzan egon bagaitezke, uste dugu bestelako jarduerak arduraz egiteko gai bagarela herritarrok, kalean antzerki bat ikus dezakegula gure arteko distantziak errespetatuz, adibidez. Ez ditugu jaiak urtero bezala bere horretan egin nahi, baina jendeak osasun neurriak mantenduz ondo pasatzeko eta nolabaiteko ‘normaltasunerantz’ bagoazela sentitzeko moduko ekintza batzuk antolatu nahiko genituzke.
Eta jai batzordearengan?
Esaterako, galera ekonomikoak aurreikusten dituzue? Lehen esan bezala, gure finantzaketa iturri nagusienak aurten ez ditugu edukiko, ezta udalak urtero ematen duen diru laguntza ere ez. Noski, ez ditugu urtero edukitzen ditugun gastuak edukiko ere ez. Hori dela eta, antolatuko ditugun jarduerak ahalik eta kostu txikiena suposa dezaten saiatuko gara. Dena den, aurrera begira, kostu ekonomiko bat izan daitekeen ekintzaren bat egingo bagenu, hori egin ahal izateko sarrera ekonomikoak lortzen saiatuko ginateke.
Derrigorrezko geldialdi honek onuraren bat ekar dezakeela uste duzue?
Jaiak birpentsatzeko, barne kohesioa lantzeko, deskantsatzeko… Lehenago esan bezala, jaiak birpentsatzeko balio izan digu dagoeneko. Egitaraua goitik behera errepasatzen aritu gara, eta bilera batean baina gehiagotan esan dugun bezala, garai honek ere balio izan digu inertziaz egiten genituen gauzak identifikatzeko, eta aldatzeko aukerak badaudela ikusteko. Kohesioan ere eragin duela esango genuke, izan ere, asteazkenero online bilerak egin ditugu talde iraunkorrean, eta lantalde guztietako ordezkariak ere bildu gara behin baina gehiagotan. Alarma garaian hain sarritan elkar ikusteak, elkarren berri edukitzeak, gizartean gertatzen ari dena partekatzeak, eta jaiekin lotutako buruhausteei hamaika buelta emateak, kohesioa dakar.
Beste jai batzordeekin harremana izan duzue?
Jai Batzordeen Koordinakunde bat dago, eta talde horretan garai honetan zehar bakoitzaren egoera partekatzen aritu gara. Guk bereziki Kaiko Karmengo jaietakoekin dugu harremana.