«Gozatzeko beste modu batzuk bilatuko dituzte auzotarrek»
1991. urtetik Euskal Herrian bizi da Maggie Bullen (Nedgign, Erresuma Batua, 1964). Gizarte Antropologian doktorea da, eta hainbat erakundetan egiten du lan, esaterako EHUn eta Farapi kooperatiban. Azken urteetan, besteak beste, Gipuzkoako jaietan emakumeek bultzatutako aldaketen inguruan ikertu du.
Zer iruditzen zaizu jaiak eteteko erabakia?
Argi dago, edonondik begiratuta ere, koronabirusak sortutako egoera kudeatzea oso zaila dela. Erabakiak hartu behar dituzten erakundeek egoera aztertzen dute, eta askotan erabakiak hartu behar izaten dituzte hurrengo asteetan eta hilabeteetan gauzak nola aldatuko diren jakin gabe. Ez dakit zehazki nola hartu duten erabakia. Uste dut, kasu honetan, Donostiako Udalak erabakia hartu duela Bilboko eta Gasteizko udalekin batera.
Horrek zer pentsatua ematen du, ez dutelako modu unilateralean erabakia hartu. Hala ere, entzun dut erabakia hartu baino lehen jaiak antolatzen dituzten eragileei ez dietela kontsultarik egin, edo erabakia argitaratu baino lehen, ez dietela jai batzordeei inolako informaziorik eman. Horrek pena ematen dit, hau da, elkarlana ez errespetatzeak eta elkarrekin hitz egiteko, pentsatzeko eta lan egiteko aukera ez aprobetxatzeak. Irakurri dut Donostiako Piratak zein Bilboko konpartsak horretaz kexatu direla, horizontalki aritu beharrean, agintariek bertikalki hartu dituztelako erabakiak.
Nola uste duzu eragingo duela horrek auzotarrengan, eta oro har, auzoengan?
Orain arte auzoen aldetik ikusi dugun erantzunak bide ematen digu pentsatzeko auzokideek ez dutela kohesiorik galduko, beraien arteko harremanak beste modu batzuetan egiteko moduak asmatzen ari baitira. Agian, kohesioa orain ez da auzo mailan izango, baizik eta bizilagunen artekoa. Konfinamenduan zehar jende askok ezagutu ditu aurretik agurtu besterik egiten ez zituen bizilagunak: balkoiak apaindu dituzte puzgarriekin, haurrek marraztutako ortzadarrekin, ikurrinekin, eta abar. Plazak eta kaleak apaindu beharrean, beste espazio batzuk apainduko dituzte orain; ondo dakigun bezala, mozorrotzea edo arropa bereziak janztea da jaietako ‘denbora berezian’ sartzeko bidea. Berrogeialdian egin duten bezala, auzotarrek bilatuko dituzte gozatzeko beste modu batzuk.
Herri mugimenduko eragileentzat eta saltokientzat ere garrantzitsuak dira jaiak, izan ere, euren arteko kohesioan eta ekonomian ere laguntzen dute. Zein ondorio uste duzu izango duela etenak haiengan?
Ez dago zalantzarik kalte ekonomikoak egongela direla, beste edozein esparrutan egongo diren bezalaxe. Agian hausnartzeko garaia da: hausnartzeko nola eta zertan gastatzen dugun dirua jaietan zein egunerokotasunean. Kultur egileentzat izango da kalte handiena, kontzertuak, emanaldiak, eta horrelako ekitaldiak direlako beraien diru iturriak. Kultur egileak babesteko eta beraien lana bultzatzeko moduak topatu beharko dira, orain arte aurkitu izan dituzten bezalaxe.
Toki batzuetan ikusi dugu bizilagunek, modu batean edo bestean, mantendu dituztela jaiak, Loiolan, adibidez. Ikusiko ditugu ‘post-pandemia’ jai eredu berri batzuk?
Itxaropen hori dut nik. Historian zehar krisiek mundua ikusteko modu berriak ekarri dituzte. Kasu honetan ere bi hilabetean sormen izugarria ikusi dugu. Zergatik ez jaiei begira ere bai? Gaur egun, modan dago ‘berrasmatzearen’ ideia, Eric Hobsbawm-en ideia famatua, hain zuzen: ‘tradizioak berrasmatzea’. Hori ez da berria! Aspalditik esan dugu ez dela ezer pasatzen ohiturak aldatu behar edo nahi ditugunean: ohiturak gizakiok egiten ditugu, eta gizartera egokitzen ditugu. Etengabe ari gara tradizioak aldatzen, baina krisiek eraldatzeko gaitasuna dute, baldin eta egiturek amore ematen badute.
Euskarari begira, orain dela ez asko, Jone Miren Hernandez lagunak esan zuen etena egiteko eta pentsatzeko garaia zela. Bada, eten honek emango digu parada pentsatzeko zer nolako jai eredu nahi dugun. Gauza bera esan dute Farapiko kideek orain dela gutxi. Era berean, orain dela bost urte, Miren Guillok artikulu bilduma bat argitaratu zuen, UEUkoekin batera antolatutako ikastaro baten harira idatzitakoak; udako ikastaro horretan festak, genero harremana eta feminismoa landu zituen. Artikulu guztiek aztertzen edo proposatzen dute jai eredu berri bat. Bost urte eta gero, eta pandemia eta gero, hausnartzeko, eta hausnarketak praktikara eramateko garaia da.
Erritualik gabeko garaia bizi izan dugu konfinamenduan. Gizartearen tradizioei eta bizitza kolektiboari dagokionez, zein ikasketa atera ditzakegu pandemiatik?
Uste dut modu berri batzuk asmatzen ari garela, eta asmatuko ditugula. Egia da hainbat erritu ezin izan ditugula egin: azken hilabete hauetan ez dugu modurik izan joan direnak ohi bezala, ezta oso erritu arruntak egiteko ere, esaterako, agurtzean musuak edo eskua emateko. Gorputza zein garrantzitsua den inoiz baino ageriago geratu da, baita nola gorpuzten diren gure gizartearen harremanak, nola komunikatzen garen gure keinu koroporalekin, eta nola haragitzen diren gure sentimenduak ere.
Agian, balkoietan haurrek ipini dituzten ortzadarrek bide emango digute amets egiteko beste jai eredu batekin, eredu hegemonikoa apurtuz, berdintasunaz gozatuz, emakumeen kontrako indarkeriarik gabe. Ortzadarraren bukaeran, urrezko poto batean, jai eredu hori aurkitu nahi nuke.