«Jaiak egin ez arren, herri kohesiorako urratsak egiten segituko dugu»
Ekainaren 21etik uztailaren 2ra egin behar zituzten Igeldoko San Pedro jaiak. Koronabirusak sortutako egoera ikusita, udalari aurre hartu, eta jaiak bertan behera uztea erabaki zuten maiatzean ‘Ttonttorro’ jai batzordeak eta Herri Kontseiluak.
Zergatik hartu duzue jaiak bertan behera uzteko erabakia?
Maiatza erdialdean zabaldutako oharrean esan bezala, bereziki bi arrazoirengatik hartu dugu erabakia: Batetik, instituzioetatik ezarri diren arauak bete behar izateak, jaien izaera kolokan jar zezakeela ikusten genuen. Nolabait esatearren, herri guztiarentzako jai parte hartzaileak ezingo genituela egin ikusi genuen. Esaterako, leku itxietan 50 pertsona soilik egon gaitezke, beraz zer egin behar dugu, herriko jende bati sartzen utzi, eta besteak kanpoan utzi? Ez dugu horrelako egoerarik kudeatu nahi. Bestetik, eta hau da garrantzitsuena, jaiak egiteko momentua ez zela erabaki genuen. Herritarren zaintza eta osasuna lehenetsi genituen, eta horri arreta jarri eta lehen lerroan jartzea egokitzen dela uste dugu.
Jai batzordeak bazuen zerbait antolatuta aurtengo jaietarako?
Bai, kultur ekitaldi ia gehienak lotuta genituen, esaterako, bertso emanaldia, antzerkia eta kontzertuak. Urtero egiten ditugun jarduerak ere bideratuta genituen.
Jaiak bere horretan egin ez arren, beste motaren bateko jardueraren bat egitea pentsatu duzue?
Ez, oraingoz egitarau guztia bertan behera utzi dugu. Herriko beste eragileekin hitz egin dugu astebururen batean zerbait antolatzeko, baina horrek ez luke herriko jaiak ordezkatzea ekarriko. Ez genuke asmo horrekin antolatuko ere.
Festak herritarren kohesiorako eta gozamenerako espazioak izanda, nola eragingo du horrek Igeldoko bizilagunengan?
Beste leku batzuetan baino gutxiago eragin dezakeela uste dugu. Izan ere, Igeldon komunitate sendoa dugu. Horretarako askotariko dinamikak eta egitasmoak egiten ditugu, eta jaiak horietako bat dira. Zorionez, gehiago ere badaude, eta horiek jarraituko dute. Beraz, jaiak egin ez arren, herri kohesiorako urratsak egiten segituko dugu. Hala ere, ezin uka genezake pena handia ematen digula jaiak ez antolatzeak.
Eta jai batzordearengan?
Jai batzordearengan ez duela eragin handirik izango uste dugu. Izan ere, aurten jende berria sartu eta taldea handitu dugu; zentzu horretan gogotsu geunden eta hala jarraitzen dugu. Ondorioz, hurrengo urtean ere gogo berdinekin jarraituko dugula aurreikusten dugu. Galera ekonomikoei dagokionez, jaietako diru sarreren zati handiena herri kontseiluarentzako izaten da. Beraz, eurek izango dute kalterik handiena.
Derrigorrezko geldialdi honek onuraren bat ekar dezakeela uste duzue?
Onurarik izatekotan, gizarte gisa guztia birpentsatzeko aukera ematen digula esango nuke. Hau da, gizartea antolatzeko orduan zeintzuk diren behar nagusiak, lehentasunak, zer den garrantzitsua eta zer ez, zertan gastatzen den dirua, eta abar. Krisi garaiek guztia birpentsatzeko aukera ematen dute. Are gehiago, krisi oro aukera bat izan ohi dela esaten dute, balia dezagun, beraz, egungo egoera zein gizarte mota nahi dugun pentsatzeko.