«Kontuak enbargatzen hasi dira, eta hurrengoa lokalak kentzea izango da»
Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen aurkako 2015eko sententzia aplikatzen hasi da apirilean, Euskal Herriko zenbait elkarte eta tabernaren kontuak enbargatuz. Auzitegiak ETAren egitura finantziatzea egozten die 100 bat herriko tabernari, eta horien artean Parte Zaharreko Herria taberna, Loiolako Hontza taberna eta Groseko Marruma elkartea daude. Herriako Gorka Millan eta Josean Catalanek gogoratu dute ixteko arriskua hor egon dela sententzia irmo bihurtu zenetik, baina mehatxu hori inoiz baino gertuago ikusten dute orain.
Kolpe bikoitza jaso duzue. Birusak eragindako itxialdia lehenik, eta Auzitegi Nazionalaren neurriak bestetik. Zer moduz zaudete?
Gorka Millan (G.M.): Egoera zailean gaude, aste batzuetako kontua zirudien itxialdiaren ordez denboran asko luzatuko diren ondorioak jasan beharko ditugulako. Berriz altxatzea lan gogorra izango da tabernariontzat.
Hori gutxi balitz, auzitegia zenbait herriko tabernen kontuak enbargatzen hasi da. Gaiaren berririk izan duzue Herriari dagokionez?
Josean Catalan (J.C.): Prentsan orain arte agertu dena baina askoz gehiago ez dakigu. 2015ean Auzitegi Gorenak sententzia irmo bihurtu zuenetik tabernaren etorkizuna asko konplikatu zen, edozein unetan itxi zezaketelako. Eta orain ditugun baldintzetan horrelako pauso bat ematea… Egoera oso larria da, eta aspalditik dator. Prozesu hau 2002an hasi zen, eta hemezortzi urte daramatzagu ezbai horretan, azken bost urteak taberna ixteko arriskuan pasa ditugularik.
Mamu hori beti izan duzue inguruan.
J.C.: Urte hauetan guztietan ‘herrikoen’ aurkako pausoak eman dituzte, nahiz eta publiko ez diren egin. Ertzaintzari tabernen egoerari buruzko txostenak eskatu dizkiote, besteak beste, eta horrelako pauso txikiak ematen aritu dira. Orain, ordea, sententzia betearazteko lehenengo pausoak ematen hasi direla dirudi.
Herria edozein unetan itxi dezaketela pentsa daiteke, hortaz.
J.C.: Bai. Berez 2015etik gerta zitekeen zerbait da. Prozesua epaitegiz epaitegi ibili da, baina orain sententziak aplikatzeaz arduratzen den bulegora iritsi da, eta hortik herriko tabernen kontu korronteak konfiskatzen hasi dira. Hurrengo pausoa, noski, lokalak kentzea izango da. Nola egingo duten hori? Ba, ez dakigu. Baina modu ordenatuan egingo dutela imajinatzen dugu. Ez dugu uste bat-batean polizia hemen agertu eta lokala zigilatuko duenik, lehen egin zezakeen modura. Gure abokatuek uste dute abisu bat bidaliko digutela, eta kaleratze baten moduan gauzatu nahiko dutela.
Eta zer egingo dute? Lokala itxi? Hemen beste ezer irekitzea galarazi?
J.C.: Lokala konfiskatu egingo dute. Erregistroan dagoeneko enbargatuta dago, prozesuaren hasieratik. Horregatik, 2002tik aurrera ezin izan dugu lokala saldu edo berarekin beste zerbait egin. Emango duten hurrengo pausoa lokala estatuaren izenera jartzea izango da. Eta, horren ondoren, kaleratzea iritsiko da, teorian.
Dena den, sententziaren urtetik hona igaro den denbora ikusita, hori gertatu arte berriro zenbait urte pasa daitezkeela uste duzue?
J.C.: Hori ondo egongo litzateke, baina ez dugu uste gertatuko denik.
Auzotarrek behintzat euren babesa adierazi dizuete sarreran itsatsitako mezutxoekin.
G.M.: Apirilean kanpaina bat egin genuen eta 80 bat pertsonak haien mezuak bidali zizkiguten, herriko taberna beraientzat zer zen azalduz eta animoak emanez. Bizi dugun egoera zailean, horrek babestuta sentiarazi gaitu.
Auzitegiaren neurriak konfinamendu erdian iritsi direnez, egoera kalean salatzeko muga izan duzue.
G.M.: Hala da. Hemendik aurrera, aukera gehiago ditugun heinean, salaketa beste modu batzuetara plazaratzeko asmoa dugu.