"Piratok aurrera jarraitu dugu edozein oztoporen gainetik"
Bittor Hernando (Gros, 1997) Eskifaia kofradiako kidea da, eta iaztik Donostiako Piratetako koordinazio taldean dabil. Aste Nagusia bertan behera uzteak mugimendua zein egoeratan utzi duen azaldu du, eta nabarmendu du jai herrikoien aldeko apustua egiten jarraituko dutela.
Nola jakin zenuten Aste Nagusia bertan behera geldituko zela?
Bagenekien erabaki hori iritsiko zela, hartu beharreko osasun neurriekin ia ezinezkoa ikusten genuelako ohiko Aste Nagusia egitea. Mamituta genuen gai hori, eta beste herrietako eta hiriburuetako jaiekin harremanetan jarriak ginen.
Konfinamendua hasi zenetik, udalarekin harremanetan geunden, eta esaten ziguten ondo bidean Aste Nagusia egin zitekeela, baina ez ziguten ezer ziurtatzen. Azkenean, ostiral horretan [maiatzaren 15ean] berria jaso genuen, eta amorrua eman zigun prentsaren bidez jakin izana, guk erabakiaren parte izateko prestutasuna agertu baikenuen.
Beraz, udalarekin harreman etengabean egon zarete, ezta?
Udalarekin harremana izan dugu, baina nahiko hotza izan dela esango nuke. Ez digute laguntza asko eman erabakiak hartzeko garaian, eta ikusi dugu beste lehentasun batzuk dituztela.
Egitarauko jarduera asko lotuta izango zenituzten dagoeneko, ezta?
Bagenekien moldaketak egin beharko genituela, beraz, ahalik eta egitarau oparoena egiten saiatu ginen, baina zentzuz jokatuz. Esaterako, gastu ekonomikoak sortzen dituzten gauzekin –musika, azpiegiturak, eta abar– itxoin egin genuen, zulo batean sartuz gero, guk geuk egin behar diegulako aurre ondorioei.
Nola eragingo dio honek Donostiako Piraten mugimenduari? Galera ekonomikoak izango dituzue?
Galera ekonomikoak ez ditugu aurreikusten, orain arte ez dugulako gastu handirik izan. Bestalde, oraindik ez dakigu antolatuko dugunak gastu ekonomikoak sortuko dituen, baina pentsatzen dugu ezetz.
Mugimenduari dagokionez, uste dut desberdin bizi izan dela hau guztia. Alde batetik, ohiko Aste Nagusia ez egiteagatik pena sentsazioa dago, baina, bestetik, jendeak positiboan bizi du, alternatibaren bat pentsatzeko gogoarekin eta ilusioarekin.
Kofradiak zein egoeratan daude?
Kofradia bakoitza mundu bat da: batzuetan jende asko dago, beste batzuetan gutxiago, eta batzuk aktiboago daude beste batzuk baino. Uda hurbiltzen denean, ordea, kofradietan jende gehiago biltzen da, eta uste dut horrelako egoera zail baten aurrean txalotzekoa dela kofradiek aurrera jarraitu izana.
Iaz izandako eraso matxista guztien aurrean, zerbait zeneukaten pentsatuta?
Oso mingarria izan zen, eta mugimenduko lantalde feministarentzat bereziki gogorra izan zen gertatutako guztia; astearteko gaua, batik bat. Hain mingarria izan zen, lehen aldiz antolatu genuen Kofradien Eguna bertan behera utzi genuela.
Pentsatzen aritu gara horrelako gauzak saihesteko zer egin daitekeen. Zaila da, baina egin behar diren hausnarketak dira gune eroso, feminista eta benetan parekidea lortzeko.
Zein egoeratan dago mugimenduaren hausnarketa prozesua?
Urte eta erdi daramagu hausnarketa prozesu horretan, baina zati handiena aurten garatu dugu. Erasoen harira, esaterako, konturatu ginen asko zegoela egiteko. Bestalde, hausnarketa prozesuan hainbat gauza izan ditugu hizpide: abordatzea, musika eredua, gune eredua, eta abar. Helburua da benetan gure eroso bat izatea, nahiz eta aurten ez dugun aukerarik izango horrelako zerbait gozatzeko. Pentsatzen dugu, ordea, egindako lan guztiak zerbaitetarako balio dezakeela.
Zerbait antolatuko duzue aurten?
Uste dugu zerbait antolatu daitekeela, baina oraindik alternatibak pentsatzen ari gara. Pixka bat itxoiten ari gara, ondo jakiteko zeintzuk diren dauzkagun aukerak, baina uste dugu Donostiak baduela jai batzuk ospatzeko gogoa, zerbait sinbolikoa bada ere.
Egoera honen ondoren, kaia galtzeko beldurra areagotu da?
Ez dakit beldurra gure aldetik datorren edo erakundeen aldetik. Izan ere, haiek dira ez gaituztenak han nahi. Bere garaian tasak igo zizkiguten, eta azken urteetan, turistifikazioaren eraginez, moldaketa asko egin behar izan ditugu jai gunean. Hala ere, Piratok aurrera jarraitu dugu edozein oztoporen gainetik.
Parrandatik harago, zein da jaiek gizartean jokatzen duten rola?
Jaiek Donostiaren zati bat balio zehatz batzuk aldarrikatzen dituen gune batean bilakatzen dute: feminismoa, euskara eta jendearen parte-hartzea lantzen dituen gune batean, hain justu. Herritik eta herriarentzat sortutako zerbait da, eta ondo pasatzetik haratago doa. Bestalde, Aste Nagusiaz beraz gain, aurretik egindako lan guztia dago. Horrek gizartean eragina dauka, baina, bereziki, Piraten mugimenduan.
2021ean Aste Nagusi Pirata izango da?
Orain 2020. urtea daukagu buruan; buru-belarri jarri behar dugu pentsatzen aurten nola alaitu Donostia. Hala ere, aurten egindako hausnarketa guztia praktikan jarri behar dugula pentsatzen dugu, eta 2021ean ere Donostia abordatuko dugu!