Arraunlariak gaur itzuliko dira uretara

Kirolean ere normaltasunera itzultzeko urratsak ematen hasi dira, eta arraunlari askok gaur itzuli ahalko dute uretara. Konfinamenduan zehar entrenatzeko beste modu batzuk bilatu behar izan dituzte kirolariek, baina gaurtik aurrera, uretaratzeko baimena dute arraunlariek.
Era berean, EAE konfinamenduaren arintzearen hirugarren fasean sartzearekin batera, Jaurlaritzak KAE eta ETE ligak hasteko baimena eman du, beti ere, osasun eta segurtasun protokoloa betetzen bada. Horren arabera, protokoloan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte taldeetako kideek, pilaketa egon ez daitezen arraunlarien joan etorriak kontrolatu beharko dituzte, eta ezin izango dute estropadari lotutako bestelako jarduerarik antolatu.
Arraun Lagunakeko Nerea Txokarro arraunlaria pozik agertu da uretara itzultzeko aukerarekin: “Orain arte etxean entrenatu behar izan dugu, eta gaur itzuliko gara uretara lehen aldiz. Badirudi normaltasunera hurbiltzen ari garela”. Ligak aurrera doazela azaldu du, eta aldaketarik egon ezean, uztailaren 4ko asteburuan hasiko dituzte Euskotren eta Euskolabel ligak Coruñan (Galizia). Era berean, aurreikusitakoa betetzen bada, Donostian izango da txapelketako bigarren estropada, uztailaren 11n, Donostiarra Kaiarriba Bandera, hain zuzen.
Trainera Kluben Elkarteko presidenteak, Borja Rodrigok, uste du uretaratzeko baimena “albiste bikaina” dela, lehiaketa hasteko jarritako datara “iristea ahalbidetzen” duelako. Rodrigok eskerrak eman dizkie “TKErekin zerikusia duten” eragile guztiei, azken hiru hilabeteetan erakutsi duten “pazientziagatik” eta egindako “ahaleginagatik”. Azkenik, konfinamendu garaian arraunlariek “emozioz eta ikuskizunez betetako denboraldi berri bat izango dela agintzen duen horretara ahalik eta ondoen iristeko” egindako lana goraipatu du.
EAEko taldeen baimena jaso ostean, TKE eta KAE ligetako buruak negoziatzen ari dira Kantabriako eta Galiziako traineruak uretara itzultzeko baimena lortzeko.