Donostiako Metroaren lanak gelditzeko eskatu du ELA sindikatuak
Hilaren 5ean Donostiako Metroaren lanek Zubieta kalean lur jausi bat eragin ondoren, lanak gelditzeko eskatu du ELA sindikatuak, “langileen eta herritarren segurtasuna bermatu arte”. Hain zuzen, Mariezcurrena S.L., Zubieder, Campezo, Sacyr eta Cavosa enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkartearen (ABEE) –Eusko Trenbide Sareak (ETS) sustatutako Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanen arduraduna da ABEE hori– aurkako salaketa aurkeztu du ELAk Gipuzkoako Lan eta Segurtasun Ikuskaritzan.
Sindikatuak salaketan azaldu du ABEEak bazuela lur jausia gertatu baino egun batzuk lehenago zona horretako lanetan izandako ur isurien berri, baina, hala ere, ez zituela isuri horiek ikertu, ez zuela abisua eman eta ez zuela prebentzio neurririk hartu. “Tunel barruko langileen eta kanpoko herritarren segurtasuna bermatzeko garaian ABEEak izandako geldotasunak denon segurtasuna ezbaian uzten du”, gaineratu du ELAk salaketan. Horretaz gain, lanen egoera ikusita, sindikatuak nabarmendu du “ondorio askoz larriagoak” izan ditzaketen istripu gehiago gertatu daitezke.
Horregatik, lanak gelditzeko eskatu du ELAk, baita “lanak garatzen ari den enpresatik kanpoko adituek” azterketa bat egiteko ere, gertatutakoa argitzeko. Era berean, sindikatuak Lan Ikuskaritzarekin hitzordu bat eskatu du, “salatutakoa argitzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu eta arazoari irtenbide bat emateko helburuarekin”.