Donostiako udal gimnasioak, zabalik

Gaur, ekainak 8, Donostiako udal kiroldegietako gimnasioek ateak ireki dituzte, ia hiru hilabetez itxita egon ondoren. Irekiera, ordea, hainbat segurtasun neurrirekin egin dute: %60ko edukiera dute gimnasioek –hasiera batean %50ekoa zen, baina bi metroko distantzia mantenduz gero, %60koa izan daiteke edukiera maximoa–, Kirol Txartelaren erabiltzaileentzako daude irekita soilik, aurretiko hitzordua eskatu behar da (Donostia Kirolaren webgunean egitea gomendatu dute, baina bulegoetan, instalazioan bertan edo kiroldegi bakoitzeko telefonoan ere egin daitezke), egunean bertan edo hurrengo egunetan erreserbatu daiteke, pertsona bakoitzak erreserba bakarra egin dezake egunean, kirola egiteko ordubeteko muga izango du bakoitzak eta erabiltzaileek izerdirako eskuoihalarekin joan behar dute gimnasiora, baita gimnasioetako makinekin kontakturik ez izateko beste eskuoihal batekin ere.
Hasiera batean kiroldegietako aldagelak eta dutxak hilaren 22an ireki bazituzten ere, ekainaren 9tik aurrera irekitzea erabaki dute azkenean; hala ere, erabiltzaileei denbora ahalik eta gehien mugatzeko gomendatu dieten, baita arauak betetzeko eskatu ere. Era berean, semaforo sistema baten bitartez kontrolatuko dute gimnasioetako edukiera, eta gel-banagailuak, makinetarako ihinztagailu desinfektatzaileak eta alfonbra desinfektatzaileak ere jarri dituzte. Horretaz gain, espazio horien garbiketa osagarriak egingo dituzte. Gasca eta Zuhaiztiko kirol instalazioak, aldiz, ez dituzte oraindik irekiko.
Bestalde, gimnasioez gain, Carmelo Balda eta Egiako pilotalekuak ere astelehenean ireki dituzte, aurretiko hitzorduarekin, baita ere. Igerilekuei dagokienez, konfinamendua aprobetxatuz, udan egin ohi dituzten mantentze lanak egiten ari dira orain, eta barruko igerilekuak hilaren 22an irekiko dituzte. Kanpokoak, ordea, uztailaren 1ean zabaltzea aurreikusten dute, hondartza denboraldia hasten denean, alegia.