Andoni Gorosabelek Realean jarraituko du
Andoni Gorosabel (1996, Arrasate) harrobiko jokalariak kontratua berritu du Realarekin 2024ra arte. 2021era arte zuen kontratua taldearekin, baina modu honetan hiru urte gehiagoz txuri-urdinez janzteko aukera izango du. Era berean, Gorosabelek zuzenean lehen taldearekin sinatzen duen lehen kontratua da.
2014-2015 denboraldian aritu zen Realean lehen aldiz, jubeniletan. Beasainen eta Real Unionen egin zituen ondorengo bi denboraldiak, eta Realera itzuli zen 2017an. Handik gutxira lehen taldearekin debutatu zuen, eta geroztik, klub txuri-urdinarekin jokatu du.
“Reala nire taldea izan da txikitatik, eta talde honetan pausoak ematen jarraitzeko aukera izanik, oso pozik nago”, azpimarratu du jokalariak. Are gehiago, “lehen taldera iristeko lan asko egin behar da, eta aukera eta zortea baduzu, lortu dezakezu”, gehitu du. Era berean, orain arte bezala “lanean jarraituko duela” adierazi du. Bestalde, taldea “indartsu” itzuli dela esan du, eta gelditu aurreko dinamikarekin jarraitzeko aukera izango dutela.