Donostiako Udalak kreditu eragiketa bat egingo du likidezia izateko
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak kreditu eragiketa bat egitea onartu du udalaren likidezia bermatu ahal izateko, 2020ko ordaintzeko betebeharrei aurre egin ahal izateko, egutegi fiskala berregituratuta, epeak mantenduz. Horrela, Eneko Goia alkateak azaldu du kreditu eragiketa hori 30 milioi eurokoa izango dela gehienez, eta koronabirusaren krisiak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko da: “alarma egoerak eragindako ekonomia jardueraren gelditzeak udal sarrerak gutxitzea ekarri du, baita diru-sarrera horiek berandu kobratzea eta premiazko beharrei erantzuteko gastu soziala handitzea ere; hori dela eta, beharrezkoa da kreditu eragiketa bat kontratatzea, egoerari epe laburrean aurre egiteko”.
Udalak hartutako neurri horien artean, egutegi fiskala berregituratzearena nabarmendu du Goiak, hiriko zergadunen ekonomian COVID-19aren eragina arintzeko helburua baitu; horrela, udal zergak ordaintzeko epeak aldatu dituzte, udalarentzat 65 milioi euroko atzerapena sortuz. Hala ere, alkateak azaldu du Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren atzerapenak duela eragin gehien, diru sarrera arrunt guztien %15 baita, hau da, 44.893.054 euro. Ekainaren 30ean kobratu behar zuten zerga hori, baina irailaren 15era arte atzeratu dute, beraz, udalak ez du diru hori ordurra arte jasoko.
Era berean, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsean ere murrizketak egin dituzte. Udalaren diru-sarrera arrunten %47 suposatzen du funts horrek, eta %20 murriztu dutenez, 29.129.191 euro jasotzeari utziko dio udalak.