Egiako parkean dagoen sare handi bat kentzeko eskatu du Eguzkik
Eguzki Talde Ekologistak Donostiako Udalari eskatu dio Egiako parkean zuhaitz batzuen goiko adarretan dagoen “sare handi bat lehenbailehen” kentzeko. Ipotxen Zubiko bidean dauden zuhaitzetan topa daiteke berde koloreko sarea. “Ez die batere mesederik egiten ez txoriei, ez saguzarrei, beraientzat tranpa latza izan daiteke”, azaldu dute.
Sareak hiru hilabete baino gehiago daramatza hor, Eguzkiren arabera. Aldamioren batetik askatutakoa izan daitekeela uste dute. “Lelo aldarrikatzaile bat erantsita izan balu, aspaldi kenduta egongo zen, jakina”, azpimarratu dute.