Egiako parkean, Urgullen eta Ulian ariketa fisikoa egiteko egitasmoa bultzatu du Cristina Enea Fundazioak
Cristina Enea Fundazioak ariketa fisikoa eta natura uztartzen dituen egitasmoa jarri du martxan. Honen helburua da norberak bere kabuz eta bere erritmora, segurtasun distantziak mantenduz, ariketa fisikoa egiteko aukera izatea hiriko hainbat naturgunez gozatzeko aukera dugun bitartean. Horretarako, Cristina Enea Fundazioak kudeatzen dituen hiriko hiru naturguneetan egiteko gidak prestatu dituzte, alegia, Egiako parkea, Urgull eta Uliarako, hain zuzen ere.
“Kokaleku bakoitzean hamar lekutan egiteko hamar ariketa diseinatu ditugu, adin eta baldintza fisiko guztietako jendeak egin ditzan”, azaldu du Jose Mari Rodriguez egitasmoaren arduradunak. “Ariketa fisiko bakoitzak hiru aldaera izango ditu, bakoitzak bere egoera fisikoari egokitutako ariketa egin dezan”, gehitu du. Oreka eta malgutasuna, kardioa eta indarra, eta erritmoa eta sakontasuna lantzeko entrenamendua izango da, baina oro har ariketa “oso errazak” izango dira.
Ariketa fisikoa naturguneetan egiteak dakartzan onurak azpimarratu nahi izan ditu Rodriguezek: “Endorfina maila hobetzeaz gain, D bitamina sortzen lagunduko digu, baita lasaitzen eta estres maila baretzen ere”.
Gaurtik aurrera eskuragarri dago Egiako Parkeko guneetan egiteko ariketa proposamenak jasotzen dituen eskuorria. Lotura honetan ikus daiteke. Urgulleko gida ekainaren 16an partekatuko dute, eta Uliakoa, aldiz, ekainaren 23an. Guztiak Cristina Enea Fundazioko webgunean egongo dira eskuragarri.