Elkarretaratzera deitu dute, Benta Berriko etxegabetze baten etetea aldarrikatzeko
Kaleratzeak Stop, Azoraren maizterrek eta Alokairu bizilagunen elkarteak elkarretaratzera deitu dute ostegunerako, hilaren 11rako; protesta Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan izango da, 11:00etan. Elkarretaratzean Benta Berriko babes ofizialeko etxeetako bizilagun baten etxebizitza eskubideak aldarrikatuko dituzte, hain zuzen Victoriarenak. Antiguako bizilaguna etxegabetze arriskuan dago, eta datorren irailaren 9rako dago aurreikusita etxegabetze hori.
Hiru eragileek zabaldu duten ohar batean jakinarazi dute epaitegiak berriro funtzionatzen hasi zirela joan den hilaren 4an, eta hori dela eta, etenda zeuden prozedura asko martxan jarri direla berriro. Horren adibide da Victoriaren kasua, izan ere, azaldu dute Testa Socimi-Blackstonek bizilagunaren aurka ezarritako denuntziak aurrera jarraitzen duela. “Testa Socimi-Blackstone funts putreak ez du etxegabetze demanda kendu, eta epaitegiak berriro aktibatu du; hain zuzen, ekainaren 16an jarri du ahozko epaiketa, eta irailaren 9an etxegabetzea”, adierazi dute. Honakoa ere gaineratu dute: “Honek erakusten du nolakoa izango den funts putrearen jarrera 2028. urtean, babestutako alokairuak amaitzen direnean”. Izan ere, Benta Berriko etxebizitza horiek babes ofizialekoak izan arren, hitzarmenaren arabera 2028an Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik kanpo geldituko dira, horrela merkatu librera pasatzeko.
Elkarretaratzera deitu duten eragileek kritikatu dute demanda kendu ez ezik, Testa Socimi-Blackstonek ez diola Victoriari beste etxebizitza aukerarik eman: “Joan den abenduan eta konfinamenduan zehar Testa-Balckstoni jakinarazi genion bi etxebizitza zeudela hutsik; horien alokairua 450 euro ingurukoa da eta Victoriak hori ordaintzeko ahalmena badauka”, azaldu dute. Era berean, udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko ordezkariari aukera horren berri eman dietela kontatu dute.