Hainbat toldozainek kontrolatuko dituzte hondartzetako sarrerak eta irteerak
Gero eta hurbilago dago hondartza denboraldia –uztailaren 1ean hasiko da–, eta aurten hondartzen edukierak murriztuko dituztenez, Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu du hainbat toldozain kontratatuko dituztela hondartzetako sarrerak eta irteerak kontrolatzeko. Izan ere, aurten ez dute toldorik jarriko hondartzetan, eta Goiak adierazi du toldozain gisa aritutako langile batzuk lanpostu berri horietarako “berreskuratu” egingo dituztela. Hala ere, ez du zehaztu “berreskuratu” egingo dituzten toldozain kopurua, baina hogeitik behera izango direla esan du.
Toldozain horiek Kontxan egongo dira batez ere, Zurriolan eta Ondarretan ez baita edukiera aldetik horrenbeste arazo izango –mareak direla eta–. Era berean, Udaltzaingoa ere hondartzetako edukierak kontrolatzen egongo dela nabarmendu du Goiak, eta azaldu du toldozainen lana udaltzainak laguntzea izango dela, hondartzeko edukiera eta jendearen sarrerak eta irteerak kontrolpean izateko.
Aplikazioa
Duela aste batzuk iragarri zuen udalak hondartzen edukiera kontrolatzeko aplikazio teknologiko bat garatzen ari zirela, eta Goiak azaldu duenez, telefono mugikorraren eta webgune baten bitartez kontsultatu ahal izango da aplikazio hori. Era berean, aplikazioak “erabakiak hartzen” lagunduko duela nabarmendu du, mareen inguruko informazioa eta jende kopuruaren zein, Kontxaren kasuan, itxieren inguruko aurreikuspenak emango baititu. Horrela, bandera gorria agertuko da aplikazioan hondartzara sartzea ezinezkoa bada, horia jendea dagoen arren oraindik lekua badago, eta berdea arazorik gabe sartu baldin badaiteke. Horretaz gain, kolore beretako bandera fisikoak jarriko dituzte hondartzetako pasealekuetan, eta megafonia bidez ere abisuak emango dituzte.