Kalapie elkarteak sostengu legala emango die udaltzainek bizikleta eraman dieten herritarrei
Uda iristearekin batera, ohikoak bilakatu dira hirian bizikletak aparkatzeko lekuekin sortzen diren arazoak. Duela egun batzuk, udalak gogorarazi zuen barandetan, zuhaitzetan eta eremu publikoko beste hainbat espaziotan utzitako bizikletak kendu eta udal gordailura eramango zituztela, eta bizikleta berreskuratu nahi zuten herritarrei, zegokien isuna jarriko zietela.
Neurri horren aurrean, hainbat eragilek euren desadostasuna adierazi zuten, eta udalak hondartza guneetan bizikletak aparkatzeko aldi baterako aparkalekuak jarriko zituela iragarri zuen; hain zuzen, 198 plaza ezarriko dituzte, aldi baterako 22 aparkalekutan, Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hondartzen inguruetan.
Era berean, joan den astean, hiriko hainbat lekutan Udaltzaingoak bizikletak eraman dituela jakinarazi zuen Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak, Kontxan, Zurriolan, Parte Zaharrean eta Egiako Karmengo Andre Mariaren kalean. Horren aurrean, Kalapiek kaltetutako herritarrei sostengu legala emango diela jakinarazi du.
Bizikleta errekuperatzeko bidea
Gorka Hoyosek, Kalapie elkarteko kideak, azaldu du udaltzainek bizikleta bat kaletik kentzean Udal Gordailura eraman ohi dutela, eta hori berreskuratzeko hainbat prozedura egin behar ditu jabeak.
Alde batetik, berreskuratu ahal izateko, bizikleta horren jabea dela frogatu behar du, eta horretarako, erosketa faktura, ibilgailuak duen bereizgarri identifikagarriren bat, jabetza erakusten duen argazkiren bat, edo bizikletaren serie zenbakia erakutsi beharko dira.
Frogatu ostean, gordailutik atera ahal izateko gordetze eta garabi zerbitzua ordaindu beharko du, eta orduan, dagokion isuna ezarriko diote. Azken prozesu horretan, Kalapiek gogoratu du isuna ordaindu aurretik, helegitea jartzeko aukera dagoela, eta jakinarazi dute horretan laguntza behar dutenak haiekin kontaktuan jartzeko aukera dutela.
Hain zuzen, konfinamenduaren arintzea hasi zenetik, inoiz baino ageriago gelditu ziren motordun ibilgailuen, eta oinezko eta txirrindularien arteko talkak. Horregatik, Kalapiek udalari eskatu dio bizikletaren erabilera sustatzeko, motordun ibilgailuen aurretik.