Bang Bang Zinema ekainaren 20an itzuliko da
Koronabirusak eragindako etenaldiaren ondoren, Bang Bang Zinema zikloa hilaren 20an itzuliko da Donostiako Antzoki Zaharrera, 19:30ean. Gainera, ekainaren 20ko proiekzio bikoitza sorpresa izango da, ez baitute aurretik iragarriko zein film jarriko dituzten.
Bestalde, antzokiko edukiera murriztuta dagoenez, abonatuek soilik izango dute proiekziora sartzeko aukera, eta euren sarrerak Antzoki Zaharreko leihatilan eskuratu ahal izango dituzte, hilaren 15era arte (11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara). Horretaz gain, jakinarazi dute COVID-19aren araudia dela eta, ezin izango dela antzokian jan eta edan. Egun horietan sarreren bila joaterik ez dutenek, antolakuntzara posta elektroniko bat idatzita lortu ditzakete. Sarrerak ez badira leihatilan jasotzen edo ez bazaio antolakuntzari idazten, sarrerei uko egin zaiela ulertuko da.
Hilaren 20ko emanaldira joaterik ez duten abonatuak antolatzaileekin harremanetan jarri daitezke abonamenduaren zati hori itzultzeko, eta apirileko emanaldiari dagokionez, abonatuei ekainaren 20an bertan itzuliko diete dirua.