Giza Eskubideen Zinemaldiak hiru dokumental emango ditu ekainaren 22tik 24ra
Martxoan bertan behera utzi zuten 18. Giza Eskubideen Zinemaldia, COVID-19aren larrialdi egoerarengatik. Horren ordez Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldia egingo dute hilaren 22tik 24ra bitartean, Antzoki Zaharrean. Hiru dokumental proiektatuko dituzte: Apaga la luz y veras, Ernest Lluch, libre y atrevido eta Bi urte, lau hilabete eta egun bat. Emanaldiak 19:00etan izango dira, sarrerak 4,5 euro balio ditu eta dagoeneko Internet bidez eskura daitezke. Antzokian osasun eta higiene neurriak jarraitu beharko dituzte ikus-entzuleek.
Hilaren 22an Apaga la luz y veras (2020) lana emango dute. Axel O’Mill zinegileak zuzendu eta Oscar Terolekin batera idatzitako dokumentalak “bere bizitzako filma” errodatzen laguntzeko zinema zuzendari baten borroka kontatuko du. Ibon Casas da bera, eta ikusmen-arazoak dituzten pertsonei ikusgarritasuna emateko balioko dio filmak. Hilaren 23an, berriz, Ernest Lluch pentsalariaren bizitza pertsonal eta politikora egindako bidaia izango du Josep Morellek eta Jordi Vilarrek zuzendutako lanak ardatz: Ernest Lluch, libre y atrevido (2020). Azkenik, hilaren 24an, Zikloa Bi urte, lau hilabete eta egun bat (2020) dokumentala proiektatuko dute. Lander Garrok zuzendu du lana, eta intsumisioaren aldeko mugimendua du hizpide, 90eko hamarkadan derrigorrezko zerbitzu militarraren kontrako mugimenduaren azterketa politiko, sozial eta intimoa egiten du.