Hondartzetako sorosleek salatu dute udalak ez duela sinatutako akordioa betetzen
Hondartza denboraldi ez ohikoa aurreikusten den arren, gauza batzuek berdin jarraitzen dute hirian. Hondartzetako sorosleek eta ELA sindikatuak atzo egindako protesta batean salatu zuten Donostiako Udalak ez dituela sinatutako hitzarmenaren baldintza guztiak betetzen.
Hain zuzen, kritikatu dute sorosleen kontratazioa eta lan baldintzak zehazten dituen baldintza agiriek ez dutela subrogazioa jasotzen, eta horren ondorioz, sorosleen urteroko lana ez dagoela bermatuta: “Aurreko astearen bukaeran hasi ziren sorosleak lanerako deia jasotzen, baina dei hau ez dute aurreko urtean lan egindako langile guztiek jaso. Gehiago esan dezakegu, antzinatasun handienak dituzten langileetako askok, ez dute aurtengo udaran hondartzan lan egiteko deialdia jaso”, jakinarazi du Maddi Aspiazuk, ELAko kideak.
Subrogazioa hitzarmenean jasota ez egoteak “segurtasun falta” dakarrela baieztatu dute, eta gogoratu dute badirela sei, zortzi eta hamar urte hondartzan lanean daramaten sorosleak. Hala ere, horiei finkotasunik ez diete onartu oraindik. “Ezin da ahaztu, antzinatasun gehien duten langileak izaten direla hondartzaren antolakuntzaren pisu handi bat euren gain hartzen dutenak”, gehitu du Aspiazuk.
Badira 6, 8, 10 urtez hondartzan lanean diharduten sorosleak, oraindik finkotasunik onarturik ez dutenak, honek dakarren segurtasun faltarekin. Ezin da ahaztu, antzinatasun gehien duten langileak izaten direla hondartzaren antolakuntzaren pisu handi bat euren gain hartzen dutenak.
Duela bi urteko greba
Donostiako hondartzetako sorosleek, Gipuzkoako kostako beste zortzi herritakoekin batera, greba egin zuten 2018ko udan, euren lan baldintzak hobetzeko asmoz. Hain zuzen, hainbat mobilizazio eta negoziazioren ondoren, baldintzak hobetu eta erregulatzeko akordio bat sinatu zuten gatazkaren parteek. ELAk gogorarazi du Donostiako Udalak baldintza agirietan subrogazioa sartzeko konpromisoa hartu zuela. “Bi urteren ondoren, subrogazio hau ez da gauzatu, udalak bere partea bete ez duelako”, kritikatu dute sorosleek.
Era berean, ELAk gogoratu du Espainiako Estatuan sorosleen kolektiboaren subrogazioa erregulatzen duen hitzarmen bat dagoela, eta ohartarazi du sorosle guztiek lanerako deia jaso ezean, mobilizazioei eta bide juridikoari ekingo diotela.