Munillak Donostiako seminarioko errektorea kargugabetu du
Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzainak Pablo Ormazabal Donostiako seminarioko errektorea kargugabetu du, Francisco aita santuaren aurkako Contra recentia sacrílega adierazpenera atxikitu dela jakin ondoren. Manifestu horretan, aita santua “heretiko” bat dela diote, eta haren “sakrilegio ekintzak” salatzen dituzte. Dokumentua eliza katolikoko kide integristenek sinatu zuten 2019ko azaroan, eta Munillak bazekien Ormazabal atxikituta zegoela, baina Religion Digital hedabidean argitaratu denean erabaki du errektorea kargugabetzea.
Hedabide horretan informazioa argitaratu ondoren, gotzaindegiko hainbat kidek Munillari neurriak hartzeko eskatu zioten, seminaristak hezteko arduraduna adierazpen horrekin bat egitearekin kezkatuta. Horrela, gotzainak bere hurbileko laguntzaileei erabakiaren berri eman zien astelehenean, eta gauza bera egin zuen seminaristekin asteartean. Ormazabalek aita santuaren aurkako eta eskuin muturraren aldeko mezu ugari jartzen zituen Twitter sare sozialean itxi egin zuen arte, eta orain, segur aski, Alcala (Madril, Espania) gotzaindegira itzuliko da, handik ekarri baitzuen Munillak.