Atzera begira, aurrerapausoa
‘XULIA’
Zuzendaria: Lur Olaizola
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria
Ekainaren 14ra arte Filmin plataforman ikusgarri dagoen Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdian aurkitu dezakegu Xulia. Xulia idazlea da, galiziarra eta erretzailea. Bere izena daraman filmaren protagonista ere bada. Xulia, ordea, ez da antzezlea, ezta agentziarik gabeko pertsonaia ere. Xulia belaunaldi oso bat da. Xulia milaka amen mina da. Xulia memoria bera da.
1985eko neguko egun eguzkitsua gogoratzen du Xuliak. Garai hartan, bere bikotekidearekin batera, Biurrun ondoko desintoxikazio etxean bizi zen. Gunea inguratzen zituzten altzifre eta izeiez oroitzen da Xulia. Zuhaitzon babesean, mendekotasunari aurre egin zieten bai berak, baita bere bikoteak ere; heroinara inoiz bueltatuko ez zirela erabakita, elkarrekin umea izateko asmoa hartu zuten. 1985eko egun eguzkitsu hartan, baina, dena aldatu zen Xuliaren bizitzan. Bulegora deitu zuten eta egindako ihesaren proba positiboa zela jakinarazi zioten.
Hogeita hamar urte geroago, Nafarroako txoko hartara bueltatzen da Xulia; oraingoan, Lur Olaizola zuzendaria alboan duela. Bere bizitzako garai zoriontsu zein lazgarrienen ordezko izan ziren paretetatik ez da ezer geratzen. Desintoxikazio etxea eraitsia izan zen, eta paisaiarekin nahasten dira behin babesleku izan zenaren zimenduak. Ez dago eraikinik. Ez dago iragana gorpuztuko duenik. Ez dago maitasun horren, ezta min guztiaren oroitzapenen pisua sostengatu dezakeenik.
Iraganetik ez da Xuliaren narrazioa baino beste ezer geratzen. Mantra moduan errepikatzen diren hitzak, doinu indartsua eta ahoskera dardartia, horiek denek eraikitzen dute Xuliaren historia. Irudiek ordea, baso berdea baino ez digute erakusten. Han doa ikuslea, Xuliaren atzetik, isil-isilik; izan ere, kamera itsua da haren minaren aurrean. Protagonistaren ahotsak, bere bizipenek, gelditzeko eskatzen digute, gelditu eta atzera begiratzeko. Kamerak, baina, aurrera jarraitzen du. Beti aurrera, beti aurrera. 80ko hamarkadara daramatzaten argazkiak erakusterako orduan ere, ez da kamera gelditzen. Iraganaren froga materialak ez dira nahikoak urteek eta isiltasunak ezabatutako horren memoria berreraikitzeko. Lehenaldiaren ortzi-mugan zintzilik dirauten mementoen artean igarotzen da kamera, haietan sakontzeko ahalmenik gabe. Kamerak aurrera, beti aurrera.
Bistari ihes egiten dio lehenaldiak, baina hor dago bera, Xulia, zutik, geldi. Berak eta bere ahotsak irekitzen diote atea iragandakoari, bere presentziak egiten digu gogoratzeko gonbita. Xulia bere burua baino askoz gehiago da. Xulia belaunaldi oso baten oihua da. Xulia milaka amen borroka da. Xulia memoria bizia da.
Pintzelkada biografiko gutxi batzuk, azalean bizi diren sentimenduak, eta ingurua miatzen duen kamera. Zehaztapen gehiegirik ez ditu eskaintzen zuzendariak Xulia Alonsoren bizipenetara gerturatzeko. Izan ere, bere buruaz esan beharreko guztiak idatzita utzi zituen protagonistak Futuro imperfecto izeneko liburuan. Bide guztiak irekita uzten ditu, beraz, Olaizolak; esperientzia pertsonaletik belaunaldi oso batek bizi izan zuenera doan jauzia ahalbidetuz. Memoriak bezala, filmak ez dio forma zehatzei heltzeko beharrik. Hala, memoria-ariketa eta hausnarketa aktiboa bihurtzen da donostiarraren lana, ikusleari gelditzeko eta, Xuliarekin batera, atzera begiratzeko gonbita luzatzen dion heinean.