"COVID-19ak eragindako krisiak egoera ekonomiko estuan utzi gaitu"
Donostiako Bilgune Feministako (DBF) kidea da Haizea Nuñez Palacio (Amara Berri, 1987), eta urte ugari daramatza mugimendu feministan zein bestelako herri mugimenduetan militatzen; Euskal Herriko Bilgune Feministaren egitura nazionalean ere ari da azkenaldian. Talde feministak COVID-19aren pandemiak eragindako kalteen aurrean 'Ureztatu elikatzen zaituena' kanpaina abiatu du, sostengu ekonomikoa lortzeko asmoz.
Zer moduz igaro zenuen konfinamendua?
Gorabeheratsu. Konfinamenduaren lehenengo hilabetea etxean bakarrik igaro nuen eta oso aldapan gora egin zitzaidan. Isolamendua, haserrea eta frustrazioa izan dira emozio nagusiak. Konfinamendua baino lehenago etxe berdinean bizi ez arren, afektuak, elkarlaguntza eta babesa partekatzen ditudan kideekin galarazita egoteak zenbaitetan desobedientziara eraman nau eta, aldi berean, erruduntasun sentimendua ingurukoen osasuna arriskuan jartzeagatik. Heteronormatibitatea, afektuen logika monogamoak eta familia nuklearraren hegemonian inoiz baino bakartuago eta ikusezinago sentitu naiz.
Eta taldeak aktibo jarraitu du, ala geldialdi bat egin duzue?
Gure artean pixka bat hitz egin dugu bide telematikoak erabiliz, baina orokorrean esan dezakegu talde moduan geldirik egon garela. Gutako batzuk Donostiako Asanblada Feministak antolatutako ekintzetan eta bileretan parte hartzen jarraitu dugu, adibidez, Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunerako egin zen bideoan. Gainontzean, konfinamendua gertatu den garaierako genituen egitasmoak egin gabe geratu dira.
Nork osatzen duzue gaur egun Donostiako Bilgune Feminista? Zein lan mota egiten duzue hirian? Maila nazionalean ere aritzen zarete, ezta?
Gaur egun, lau kidek osatzen dugu taldearen nukleo aktiboa, eta horren inguruan zenbait bidelagun eta sare kide ditugu. Donostian gure ekarpena bi dimentsioetan egiten dugu. Alde batetik, Donostiako Asanblada Feministan aktiboki parte hartzen dugu hiriko mugimendu feministaren elkargune den heinean gure aletxoa jartzeko, eta feminista gehiagorekin eragin feminista modu indartsuagoan eta koordinatuagoan ahalbidetzeko. Guretzako garrantzitsua da pertsonalki eta politikoki asanbladaren bueltan sortzen diren harremanak, konfiantzak eta sinergiak.
Bestalde, gure agenda propioa garatzen dugu taldetik sortutako egitasmoekin: kaleko ekintzak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, tailerrak, eta abar. Horiek aprobetxatzen ditugu gure hiriko kide feministekin Bilgune Feministaren proiektu politikoa partekatzeko, eta kide berriak taldera gonbidatzeko.
Horretaz aparte, nahiz eta gure funtzio nagusia ez den, herri mugimenduen barruan eman diren eraso matxisten ondorioen prozesuak lagundu ditugu, gehienetan erasotuak izan diren emakumeei* babesa ematen, eta osatze prozesuen hasierak laguntzen eta eraso horien ondorioak kudeatu behar dituzten kolektiboko kideekin gure esperientzia partekatzen.
Azkenik, bai, maila nazionalean ere ibiltzen gara. Hilabetean behin elkartzen gara Bilgune Nazionala deituriko bilerak egiteko. Hor erabakitzen dugu maila nazionaleko kanpainak nolakoak izango diren, formakuntza saioak egiten ditugu, eta Bilguneko taldeen arteko harremanak zein Bilgune txikiarekin (koordinazioa) ditugunak garatzen ditugu.
Pandemiak agerian utzi ditu feminismoek aspaldi aldarrikatutako hainbat afera. Zuen jarduna eta aldarrikapenak berresteko balio izan du honek guztiak?
Zalantzarik gabe. Beharbada, orain pertsona gehienon bizitzan esperientzia indibidual eta kolektibo gisa bizi ditugu zaurgarritasuna eta interdependentzia, eta horrek, ezinbestean, mugimendu feministatik azken hamarkadetan egin den aldarrikapenarekin bat egiten du: bizitzak erdian jarri nahi baditugu bizi horien zaintza lanak aitortu, eta arraza-klase-genero desberdinkeria logiketan oinarritu beharrean, birbanaketa eraldatzailea martxan jarri behar dugu, denon bizitzek merezi dutelako. Kapitalismo eta heteropatriarkatuaren logikak biozidak eta ekozidak direla oso modu ankerrean ikusten ari gara. ‘Krisi honetatik aterako gara’ diote orain instituzioek eta kapitalaren jabeek; krisitik nola aterako garen da guretzat gakoa, aurreko krisialdietan ezarri ziren errezetak erabili ez ditzaten.
Nola ikusten duzue borroka feminista Donostian?
Urte askotan gure aurretik ibili zirenek landutako uzta jasotzen ari gara. Gaur egun, bereziki greba feministen olatuek bereziki bultzatuta, hirian dozena erdi bat talde feminista berri daude, auzoetan sustraituta eta, aldi berean, gaitasunarekin elkarren artean koordinatzeko, eztabaidatzeko eta egitasmoak aurrera ateratzeko. Bada beste elementu bat une honetan definitzen duena hirian dugun borroka feminista: kaleak disputatzeko gaitasuna.
Bizi dugun garaian ematen du aldaketa sozial eta politikoa nahi dugunok dena utzi behar diogula politika instituzionalari, eta ez bakarrik Donostian, baizik eta orokorrean. Nire ustez, Euskal Herriko mugimendu feministak duen freskotasunak honakoa adierazten du: “Elkarrekin, behetik, kaleak hartuz, askotan agintariei eta inguruko gizonei deserosoa suertatzen zaiena eginez, taldeetatik, txikitik handira eragiten dugu iraultza feminista”.
Bilgune Feministak ‘Ureztatu elikatzen zaituena’ kanpaina jarri du abian duela egun batzuk. Zertan datza?
Covid19-ak eragindako krisiak egoera ekonomiko estuan utzi gaitu. Elkartea nagusiki bi modutan finantzatzen dugu: diru laguntzen bidez eta autogestionatutako diru sarreren bidez. Azken horiek dira, besteak beste, Bidelagun Feministak, Bilguneko materialaren salmenta, udako jaietan lortutakoa eta egitasmo zehatzei lotuta sortzen diren aukera berriak.
Alarma egoeraren ezarpenarekin geldiarazita geratu dira bide bat zein bestea. Diru laguntzei dagokionez, ez dakigu noiz jasoko ditugun, ziurtasunez dakigun gauza bakarra da murrizketekin helduko direla. Bestetik, jai herrikoirik gabeko uda dugu aurretik, eta elkarteak autogestionatutako diru-sarreren zati garrantzitsu bat bertan behera geratuko dira.
Gauzak horrela, diru bilketa kanpaina bat abiatu dugu, Ureztatu elikatzen zaituena, eta herritarrak euren alea jartzera gonbidatu nahi ditugu. Maiatzaren 25ean hasi genuen, eta datorren ekainaren 15ean amaituko da, astelehenean. Ekarpena egiteko galdetegi bat bete behar da, eta hor laguntzeko hiru modu daude: lehenengoa, bonu-laguntza moduan atera ditugun kamisetak (bost euro) eta laminak (10 euro) eskuratuz; diru ekarpen zuzena eginez; eta Bidelagun Feminista bihurtuz. Bilgune Feministaren webgunean topatu daiteke informazio osoa.