Denon lorategia
Itsu bizi gara, ginen.
Ostikada batez kobazulo batean
giltzaperatu bagintuzte bezala sentitu gara.
Ostikada horrek,
gure geletako, gure munduetako
argiak piztu dituenean, behingoz.
Leiho bati begira, lau pareten artean;
inoiz baino urrunago begiratzen ikasi dugu,
barrurantz urrun eta kanporantz urrun.
Gure lorategiak zaintzeaz ahaztu ginen,
egunero korrika eta presaka,
erloju kontrako martxan,
loreak ikusi ere egin gabe,
igarri gabe.
Zapaldu. Ximeldu. Hondatu. Amaitu.
Ez gara ohartzen.
Ez nekien lorategi bat nuenik;
nire logelako paretetatik
hosto eta adaxkak igotzen zirenik;
nire ohe eta buruko azpian
goroldioa zegoenik;
nire leihoa,
txori txikien gordelekua zenik;
nire logelako lurreko egurren artean
sustraiak agertzen zirenik;
gauez, ipurtargiz betetzen zenik
nire ohe-mahaiko lanparatxoa;
apaleko liburuetan
tximeleta koloretsuenak pausatzen zirenik.
Dagoeneko, ikusi dut ez dagoela lorategirik
gure barneko ekaitz eta izpirik gabe.
Orain, ohartu gara,
gure lorategi txiki hauek guztiak
baso handi bat izatera irits daitezkeela.
Poema: Elisabeth Zubiagirre, Santo Tomas Lizeoko DBH 4ko ikaslea