30eko hamarkadako rap kantariak
Duela hamarkada batzuk, kaiko eta Parte Zaharreko kaleetan zehar ibiltzen ziren arrain saltzaileak, eta euren jeneroa saltzeko, askotariko leloak oihukatzen zituzten. 1930ean arrain saltzaile pregoilarien lehiaketa bat egin zuten Konstituzio plazan.
Aski ezagunak dira euskal kostaldean arraina saltzen ibiltzen ziren emakumeak, baita euren jeneroa saltzeko erabiltzen zituzten teknikak ere. Donostian, arrainez betetako saski zapalak gerrian edo buru gainean jarri, eta kaiko eta Parte Zaharreko kaleetan ibiltzen ziren oihuka, balkoietako eta kalean bertan zeuden herritarren atentzioa beregatu nahian: «Bokarta! Bokarta bixi-bixia!», eta «Sardina: merkea eta ederra!». Saltzaile bakoitzak teknika desberdinak zituen erosleak konbentzitzeko, eta transakzio horien parte zen prezioa negoziatzeko gaitasuna ere.
Grazia eta jarioa
1930. urteko abuztuan ahozko trebezia jendaurrean erakusteko aukera izan zuten Donostiako arrain saltzaileek. Euskal Astearen barruan, askotariko lehiaketak antolatzen zituzten kaian eta Parte Zaharrean: besteak beste, dantza suelto txapelketak, herri kirolak, estropadak, eta idi probak. Horien artean, txapelketa original bat antolatu zuten: arrain saltzaile pregoilarien lehiaketa.
Txapelketa Konstituzio plazan egin zuten, eta saltzaileak plazaren erdian jarritako oholtza batera igo ziren, leloak eta pregoiak botatzera. Garai hartako Estampa aldizkariak argitaratutako albiste baten arabera, plaza lepo zegoen, eta han zeuden gehienak «kanpotarrak» ziren. Kronikak dio saltzaileek balkoi batean zegoen «ustezko» erosle bati egiten ziotela oihu, eta saria irabazteko, leloen «graziaz» gain, pregoilariaren jarioa eta erantzuteko gaitasuna ere kontuan hartzen ziren. Antza, Micaela Elizaldek egin zuen hoberen, eta bera izan zen irabazlea.