Donostiako hondartzek sorosle eta dutxak izango dituzte astelehenetik aurrera
Donostiako hondartza denboraldia uztailaren 1ean hasiko bada ere, astelehenetik aurrera hondartza behatzeko sorosleak izango dira Zurriola, Kontxa eta Ondarretan. Udalak jakinarazi duenez, guztira 24 sorosle arituko dira lanean, 10:00etatik 20:00etara, irailaren 15era arte.
Aurten ere, bainatzen laguntzeko zerbitzua eskainiko da Kontxan, 11:00etatik 19:00etara. Zerbitzua erabiltzeko, aurrez hitzordua eskatu edo Erlojuetan kokatutako sorospen-postura gerturatu behar da. Koronabirusa dela eta, bai sorosleak bai erabiltzaileak maskara eta eskularruak erabili beharko dituzte, eta bainatzeko aulkia erabili ondoren desinfektatu beharko da. Era berean, segurtasun distantziak errespetatuko dira.
Bestalde, pandemia dela eta hondartzako dutxak aldi baterako kentzea eta eta hankak garbitzeko iturriak itzaltzea erabaki zuen udalak, beharrezko egokitzapenak egiteko, eta astelehenetik aurrera, berriro jarriko dituzte. Zurriolan zazpi dutxa zutabe jarriko dituzte, baita paretako lau dutxa ere; Kontxan sei dutxa zutabe izango dira, eta beste hainbeste paretako dutxa; azkenik, Ondarretan, sei dutxa zutabe jarriko dituzte. Dutxa zutabeen kasuan, bi iturri izango dituzte, lau izan ordez, segurtasun distantziak errespetatzeko. Hankak garbitzeko iturri guztiak ere irekiko dira, nahiz eta erdiko iturria itzalita utziko duten segurtasun distantziak direla eta.
Bestalde, garbiketa zerbitzua ere indartuko dute astelehenetik aurrera.