Konstituzio plazako San Joan bezperako ekitaldiak koronabirusagatik hildakoak oroituko ditu
Donostiako Udalak gaur goizean iragarri ditu Konstituzio plazan egingo den ekainaren 23ko San Joan bezpera ekitaldiko nondik norakoak. Ez-ohikoa izateaz gain, ekitaldi sinbolikoa izango dela azaldu du Jon Insausti Kultura zinegotziak, solstizioa ospatu eta koronabirusak hildako pertsonak gogoratzeko helburua izango baitu. Horretarako, “jaiaren eragileak” izango dira protagonista. Urtero dantzatzen duen Goizaldi dantza taldeari, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Kresala eta Trebeska batuko zaizkio aurten. Donostiako Orfeoia eta Txistularien Udal bandak ere hartuko dute parte. Gainera, aurten udal agintariek ez dute dantzarik eskainiko, Insaustiren hitzetan, “jaien eragileak” protagonismoa izan dezaten.
Ekitaldia gaueko 22:15etan hasiko da. Alarma egoerako neurriak direla eta, ekitaldiko edukiera murriztua izango da, %60ekoa. Ondorioz, aurrez aurreko 120 ikusle izango ditu soilik ekitaldiak, eta eserlekuak jarriko dira guztientzat, bi metrotako distantzia mantenduz. Eserlekuak zozketa bitartez esleituko dira. Zehazki, 60 gonbidapen bikoitz zozketatuko ditu, eta, Insaustik esan duenez, San Sebastian bezpera eta eguneko balkoiak emateko sistema berdina erabiliko dute. Parte hartzeko Donostiako Festakeko webgunean eman behar da izena, gaurtik, ekainaren 12tik, ekainaren 17ra bitartean. Zozketa ekainaren 18an egingo da.
Aurrez aurre jarraitzeko aukera ez dutenek, ETBn edo Udalaren YouTubeko kanalean ikusi ahal izango dute. Gainera, 20:30etatik 23:30etara Konstituzio plazako sarbidea mugatua izango da. Alegia, bizilagunak edo gonbidapena duten ikusleak sartu ahal izango dira ordu tarte horretan.
Insaustik aipatu duenez, San Joan bezperako ekitaldia udan etorriko diren ekitaldietarako proba moduan ere balioko du. “Victoria Eugenia antzokiaren 0 galak hiriko antzokietan aurrez aurreko kultura jardueren antolakuntza ikusteko balio izan bazuen, udari ongietorria egiteko errituak hurrengo hilabeteetan bide publikoan antolatuko diren ekitaldien antolakuntza nolakoa izango den ikusteko balioko digu”.
Bestalde, galdetu zaionean ea auzoetan baimenik eskatu duten surik gabeko sanjoanak antolatzeko, Insaustik erantzun du eskaera konkretu batzuk jaso dituztela eta horiek aztertuko dituztela. Hala ere, azpimarratu du maiatzaren 15ean dagoeneko iragarri zutela espazio publikoetan antolatutako ekitaldi oro bertan behera geratzen zela segurtasun arrazoiak direla medio.
Duela astebete, udalak iragarri zuen aurten debekatuta egongo zirela hiriko beste puntuetan egiten diren San Joan su publiko zein pribatuak, hala nola Zurriolako hondartzan egiten direnak. Dena den, gaur adierazi du norberaren lorategietan eta espazio partikularretan ezin dituztela suak mugatu.
Konstituzio plazako ekitaldiko programa
- Koronabirusagatik hildakoen oroitzapena
- Agurra
- San Joan Zortzikoa (Goizaldik dantzatua)
- Alkatearen ongi-etorri diskurtsoa
- Soka dantza
- Zuhaitzaren erritua, ura eta su garbitzailearen bitartez
- Fandango eta arin-arina
- Donostiako Orfeoiaren emanaldia
- Zuhaitzaren azalaren zati bat banatzea bertaratutakoei