Metroaren lanek alarma guztiak piztu dituzte Zubieta kalean
Donostiako Metroa egiteko lanek joan den ostiralean Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan lur jausi bat eragin ondoren, Kontxako tunelaren zulaketa lanak gelditu behar izan dituzte. Gertatutakoak kezka sortu du inguruko bizilagun eta saltokien artean.
Donostiako Metroaren lanek zalaparta handia sortu zuten joan den asteko ostiral eguerdian. Ur filtrazio bat izan zen Kontxa azpian egiten ari diren obretan, eta 20 metro kubikoko zuloa eragin zuen Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan –lur azpian egiten ari diren lanetatik 120 metrora dago eraikina–. Ondorioz, inguruko zirkulazioa mozteaz gain, kale horretako 8. eta 10. zenbakietako bizilagunak desalojatu behar izan zituzten, baita Londres hotela eta Hegalak kirol zentroa ere.
Arratsaldean, luizia Metroaren lanek eragin zutela baieztatu zuten Donostiako Udalak eta Eusko Trenbide Sareak (ETS), eta istripu teknikotzat jo zuen Jose Mari Gutierrezek, lanen zuzendariak: “Obra bat egiterakoan sor daitekeen arazo bat izan da, eta hainbat txosten egin ditugun arren, hau ezin izan da aurreikusi”. Era berean, azaldu zuen Kontxako ingurua zona karstikoa dela, eta tunela egiterakoan, ur isuriek harea mugitu zutela, eraikinaren pilareetako baten oinarria kaltetuz. Horrela, Easo-Mirakontxa zatiko zulaketa lanak eten egin dituzte, eta Antonio Lopez ETSko eraikuntza arduradunak El Diario Vasco egunkarian esan du «eremua xehetasunez ezagutu arte» ez dituztela lanak berriz hasiko.
10. zenbakiko bizilagunak joan den ostiral gauean itzuli ziren euren etxeetara, eta 8. zenbakikoak asteartean, teknikariek arriskurik ez zegoela egiaztatu ondoren. Bestalde, inguruko saltokiek itxi behar izan zuten ostiralean, baina Maddalen Marzol Hunky Dory Laboratory dendako jabeak azaldu duenez, ez zieten abisatu: “13:30ean denda itxi nuen eta etxera joan nintzen bazkaltzera. Orduan izan nuen gertatutakoaren berri, Twitter bidez. Bazkalostean dendara jaitsi nintzenean, ikusi nuen ezin genuela pasa; ondoko dendakoak galdetu zuen, eta esan zioten ezin zuela arratsaldean ireki. Guk horrela jakin genuen arratsaldean denda itxita izan behar genuela”.
Natalia Fernandez Reformas San Sebastian dendako jabea da Marzolek aipatu duen ondoko dendakoa, eta, gainera, bere saltokiaren eraikin berean bizi da: “Eraikina ez ziguten hustu, baina lokalak bai. Udaltzain batek esan zidan ezin genuela denda ireki, baina udalarekin ez dugu harremanik izan. Orain georradarrarekin ibili dira, nik eskatu nielako gure sotoen egoera begiratzeko”.
Kezka da nagusi Zubieta kalean
Fernandezek harremana dauka 10. zenbakiko bizilagun batekin, eta adierazi du bizilagun horrek kontatu ziola ostiralean “beldur asko” pasa zutela: “Kezka giroa zen nagusi arratsalde horretan; inguruko guztiak geunden hemen zer gertatuko zain. Egonezinak hor jarraitzen du, badakizulako azpian lanengatik pareko eraikinean lur jausi bat izan dela. Bestalde, azkenaldian beldur gehiago nabaritzen da; orain arte lanak pairatzen genituen eta kito, baina orain kezkatuago gaude”.
Marzol ere arduratuta agertu da gaiarekin, baina nabarmendu du ez dela harritzekoa: “Uste dut honek ez duela inor harritu. Hain eremu txikian aritzea, horrenbeste etxebizitza egonda eta jakinda nik dendako sotoan nolako hezetasuna dudan… Ez dakit zenbaterainoko egonkortasuna izango den hor azpian”.
Bestalde, Metroaren lanek ikuspegi komertzialetik asko eragin dietela azpimarratu dute biek, “jende gutxiago” pasatzen delako. Gainera, udalak kalteengatik eskaintzen dizkieten laguntzak “lotsagarriak” direla nabarmendu dute. “Gure kasuan, urtean 80 euro eskaintzen dizkigute, eta baldintza guztiak betez gero, gehienez 500 euro ematen dizkizute”, azaldu du Marzolek.
Lanak gelditzeko eskatu dute
Metroaren lanen arrizkua salatu zuen egunean bertan Satorralaia plataformak, Erdialdeko eta Amarako eraikinak hareatza lurren gainean zimendatuta daudelako. EH Bilduk ere gertatutakoa salatu du, eta “erantzukizun politikoak” eskatu dituzte, lanak guztiz gelditzeko eskatzearekin batera.
ELA sindikatuak ere lanak gelditzeko eskatu du, “langileen eta herritarren segurtasuna bermatu arte”. Sindikatuak salatu du Mariezcurrena S.L., Zubieder, Campezo, Sacyr eta Cavosa enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) bazuela lur jausia gertatu baino egun batzuk lehenago zona horretan izandako ur isurien berri, baina ez zituela isuri horiek ikertu, ezta abisua eman eta prebentzio neurriak hartu ere.