"Pertsona gor-itsuontzat egunerokotasuna erronka da beti, eta orain are gehiago"
Normaltasun berrirako bidean, segurtasun distantziak mantentzeko eta egokitzeko zailtasunez hitz egin du Josu Dominguezek, Espainiako Gor-Itsu Federazioko EAEko lehendakariak.
Zein zailtasun gehigarri ekarri ditu zuentzat ‘normaltasun berrirako’ itzulerak?
Ez dago normaltasunera itzulerarik. Astero, eta ia-ia egunero, aldatzen dira arauak. Arau eta egokitzapenek gehiengoari lasaitasuna sentiarazten diote, baina guri etengabeko ikasketa eta egoera berrietara egokitzeko beharra dakarkigu. Gainera, jasotako informazioa gure egoerara egokitzen ez denez, ez da batere samurra.
Nola sentiarazi dizue zuei horrek guztiak?
Pertsona gor-itsuontzat egunerokotasuna erronka da beti, eta orain are gehiago. Ezin gara edonora iritsi, eta segurtasun eta komunikazio falta, eta batez ere isolamendua areagotu egin dira guretzat.
Maskarak zuen komunikaziorako izan ditzakeen zailtasunak salatu dituzte. Zeintzuk dira zehazki?
Gure kolektiboa oso anitza da, pertsona gor-itsu guztiak ez baitira guztiz gor-itsuak; gutariko batzuok entzumen edo ikusmen pixkat dugu. Hori dela eta, erabiltzen ditugun komunikazio sistemak ere askotarikoak dira, pertsona bakoitzaren beharretara egokituak: distantziazko zeinu hizkuntza, edo ukimenak lagundutakoa; ahurrean esku alfabetoa eta idazketa; ahozko hizkuntza egokitua edo ezpain irakurketa; idatzizko hizkuntza egokitua; braillea eta abar. Testuinguru horretan, maskara erabiltzea beste oztopo bat da, hizlariaren espresioa ikusi edo ezpain irakurketa egin ahal izatea zailtzen baitu.
Ospitalera edo anbulatorioetara joan behar izan duten pertsonek zailtasunak salatu dizkizuete?
Osasun sailetik ezarritako protokoloak ez dira inondik-inora ere irisgarriak. Besteak beste, anbulatorioetara joan aurretik hitzordua telefonoz eskatu behar delako gehienetan. Ospitaletako egoerari dagokionez, persona gor-itsu batek gida-interprete edo komunikazio biartekari baten presentzia behar du, bakarrik geratzen den unean guztiz inkomunikatuta eta isolatuta geratuko baita, bere inguruan zer gertatzen den jakin gabe.
Nolakoa izan da zuentzat itxialdi egoeran egon diren prentsa aurrekoak jarraitzea?
Hauek ere ez dira batere irisgarriak izan. Hori dela eta, EAEko Asocide eta Fasocidekoak informazio guztia egokitzen aritu dira: idatziz, zeinu hizkuntzako bideoak audio-deskribapenekin, azpidatziak, eta braillea, besteak beste. Bestalde, ulermen zailtasunak dituzten gor-itsuen eta braille irakurketa behar baina Interneterako sarbiderik ez zutenen etxeetara joan behar izan dugu, gida-interprete baten bidez informazioa helarazteko.
Bestalde, nola bizi duzue segurtasun distantzia mantendu behar izatea?
Pertsona gor-itsuok ezin ditugu segurtasun distantziak mantendu, ezinezkoa baita horiek errespetatzea ikusi eta entzun gabe. Hori dela eta, garrantzitsua da hiritarrek ulertzea distantzia errespetatu behar dutela ikusten dutenean norbait bastoi zuri-gorriarekin edo itsu txakurrarekin doala eta gor-itsu moduan identifikatzen gaituen besokoa daramala.
Gainera, gauzak ukitzea oso ohikoa izaten da espazio batean kokatzeko. Nola moldatzen ari zarete?
Ukimena eta usaimena ezinbestekoak dira pertsona gor-itsu batentzat, eta ez kokatzeko bakarrik, komunikatzeko baizik. Hori dela eta, hasiera-hasieratik maskarak, eskularruak eta gel desinfektantea erabiltzea guretzat eta gure ingurukoentzat derrigorrezkoa izan da.
Zer egin dezakegu halako urritasunik ez dugun hiritarrok normaltasunerako itzuleran zuek ere neurriak errespeta ditzazuen laguntzeko?
Lehen aipatu dudan moduan, bastoi gorri-txuria edo gida-txakurra daraman persona bat ikusten baduzue, edo persona gor-itsu gisa identifikatzen duen besokoa badarama, ez ahaztu ezin zaituztela ez ikusi, ezta entzun ere. Hori dela eta, kontuan izan segurtasun distantzia errespetatu behar duzuela, eta haren bidean arreta galtzera eraman dezakeen edozer egitea eragotzi.
Erakundeei zer eskatuko zeniekete normaltasunerako itzulera honetan zuen segurtasuna bermatzeko?
Gizartean aniztasun handia dago. Errealitate desberdinak bizi ditugun kolektiboetara gerturatu beharko lirateke, eta gure errealitatera egokitu.