"Uretara itzultzeko irrikaz geunden"
Itxialdian eta normaltasunerako itzuleran uretatik kanpo entrenatzen aritu ondoren, astelehenean trainerura igotzeko eta lehen arraunkadak emateko aukera izan zuten Donostia Arraun Lagunak taldeko arraunlariek.
Lehenengo sentsazioak onak izan direla dio Amaia Sexmilo arraunlari donostiarrak, eta taldea oso indartsu ikusi duela nabarmendu du, bai fisikoki baita mentalki ere. Denboraldia hasteko hilabete falta da soilik.
Astelehenean itzuli zineten uretara. Zein sentsazio izan zenituzten?
Uretara itzultzeko irrikaz geunden, eta ilusio handia egin zigun. Egia da entrenamendura iritsi ginenean arraroa izan zela, batik bat bagenekielako uretara gindoazela, hainbeste denbora etxean eta uretatik kanpo entrenatzen aritu ondoren. Gainera, denak elkartzen ginen lehen aldia zen. Hala ere, ibaira sartu orduko oso sentsazio onak izan genituen. Are gehiago, uste genuen gehiago kostatuko zitzaigula sentsazio onak berreskuratzea, baina egia esan, ez zen hala izan. Oso gustura geratu ginen. Neguan lan handia egin zen, eta nik uste dut hori orain nabari dela.
Nolakoa izan da zuretzat itzulera?
Gogotsua. Ezjakintasun handia izan dugu. Une batean, dena oso beltz ikusi genuen, ez genekielako zer gertatuko zen arraunarekin, eta momentu gogorrak pasa ditugu norberak bere etxean, bere buruarekin. Hain zuzen ere, horregatik uste dut itzulera hau hain gogotsua izan dela denontzat. Partekatzeko, elkarrekin lan egiteko, eta arraunaz elkarrekin gozatzeko gogoa genuen. Arraunaren alde polita hori baita: talde kirola dela, uretara ateratzen zarela, eta traineruan sentitzen dituzunak.
Nola entrenatu duzue itxialdian?
Entrenatzaileek entrenamenduak antolatzen zizkiguten denoi, baina ondoren norberak bere kabuz egin ditu etxean.
Kalera ateratzeko baimena eman zutenetik elkarrekin entrenatzen aritu zarete?
Duela bi aste hasi ginen klubeko gimnasiora joaten, hiru eta bost pertsona bitarteko talde txikitan, eta ordutegi desberdinetan.
Talde osoa ari zarete orain. Nola bermatzen dituzue segurtasun neurriak?
Trainerura sartu aurretik, beroketa maskarekin egiten dugu eta ez dugu aldaketarik egiten. Alegia, lehen aldaketak egiten genituen, denok traineruan aritzeko arraunean entrenamenduetan. Orain, aldiz, hamalau ateratzen gara, eta beste bostak gimnasioan geratzen dira entrenatzen.
Pandemiarik egon ez balitz izango zenuketen antolaketa berbera izango duzue ekaineko entrenamentuetan?
Ez. Oraingo egoerara egokitutakoa da. Aste hau, esaterako, traineruan ibiltzeko eta berriz ere ohitzeko erabili behar izan dugu. Hala ere, estropadak badatoz, eta hori ere kontuan izan dute itxialdiko entrenamenduetan, intentsitate handiagoa sartuz. Alegia, estropadetara begira antolatu dituzte, eta gogorrak izan dira. Uretan ere, nik uste dut berehala hasiko garela estropadetara begira entrenatzen.
Estropadak gertu daude eta ezin izan dituzue ohi bezala prestatu. Nola sentitzen zarete?
Denok egoera berdinean gaudenez, ez dugu sentitzen ondo prestatu ez ditugunik. Are gehiago, ondo prestatuta sentitzen garela uste dut. Lehen esan bezala, oso negu ona egin genuen, eta itxialdian ere, entrenamendu indibidualak izan badira ere, talde bezala prestakuntza ona izan dugu. Uretara ateratzeko urduritasuna agian bagenuen. Baina martxan jarri gara dagoeneko, eta egiten dugun horretan ziur sentitzen gara. Konfiantza dugu. Gainera, hilabete falta da oraindik estropadak hasteko, eta nik uste dut erritmoa hartu ahal izango dugula ordurako.
Zein helburu dituzue denboraldi honetan?
Egindako lan guztia udan erakutsi nahi dugu, ahalik eta posturik altuenean geldituz. Zentzu horretan, ahalik eta bandera gehien irabazten saiatuko gara. Dena den, estropadaz estropada joango gara ikusten non dagoen gure tokia. Azken batean, guk geure buruari ezartzen dizkiogun helburuak dira, erronka pertsonalak. Zentzu horretan, orain arte estropadetan egin dugun bezala, gustura ibili nahi dugu, ez besterik gabe banderak irabazten saiatu.
Pandemiak sortutako egoerak klasifikazioetan eta banderetan sorpresak ekar ditzakeela uste duzu?
Beste urteetan baino sorpresa gehiago egon daitezkeela uste dut, bai. Esaterako, gure artean segundo gehiago egotea. Azken batean, norberak bere taldea nola dagoen badaki, baina ez gainontzeko taldeak. Hala ere, ziurrenik lehenengo estropadan gauzak nondik nora joango diren ikusi ahal izango dugu, nahiz eta aldaketak izan daitezkeen ondoren.
Nola ikusten duzu taldea?
Oso indartsu. Gazte asko elkartu gara, edo dira aurten —barrez—. Zentzu horretan, oso talde gazte dela, eta gogotsu dagoela uste dut. Taldea oso indartsu dago, baina ez fisikoki soilik, mentalki ere. Eta mentalki sendo egotea, ziurrekin, aurten beste denboraldi batzuetan baino garrantzitsuagoa da.