Zaharrentzako Intxaurrondoko etxeak, udazkenerako prest
Hainbat urteren ondoren, Intxaurrondoko Pablo Sorozabal plazako eraikin berria bukatzen ari dira. IZBE auzo elkarteak ontzat jo du proiektua, baina gogoratu du auzoak beste behar batzuk ere badituela.
Kostata, baina Intxaurrondoko Pablo Sorozabal plazako eraikin berria eraikita dago jada, eta, udalaren arabera, argindarraren instalazioa egitea eta erabilera baimena izateko ikuskapenak egitea falta da. Horrela, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “dena ondo badoa, udazkenerako etxebizitzak prest egongo lirateke han biziko diren pertsonak hartzeko”. Hain zuzen, zaharrentzako 55 apartamentu ditu eraikinak, 43,40 eta 65,85 metro karratu artekoak. Horretaz gain, beheko aldean Hego Intxaurrondoko zahar etxe berria egongo da, 250 metro karratu ingurukoa. Intxaurrondoko IZBEauzo elkarteko Josean San Romanek nabarmendu du oso beharrezkoa zela zona horretan zahar etxe berri bat egitea: “Gaur egun, Intxaurralde elkarteak Txaran dauka lokala, baina ez nahikoa, oso txikia baita. Orain lokal berri hori eman diete, eta askoz hobeto. Izan ere, Txarako zona nahiko berria da, eta oraindik ez dago horrenbeste jende heldu; gehienak Zarategitik beherako zonan daude”.
Mons eta Zarategi pasealekuen arteko 1.570 metro karratuko lursail batean egin dute eraikina, eta 4.500 metro karratu erabilgarri ditu. Etxegintzak kudeatuko ditu etxebizitzak, eta Arzallusek azpimarratu du “bakarrik bizi diren eta diru-sarrera eskasak dituzten adineko pertsonak hartzeko” etxebizitzak direla. “Pertsona horiek, gehienbat, emakume alargunak dira, eta euren beharretara egokitutako etxebizitzak behar dituzte. Horretaz gain, Donostiako gainerako 280 adinekoentzako etxebizitzetan bizi diren petsonekin gertatzen den moduan, komunitate sarea sortu daiteke”, gaineratu du zinegotziak.
Ildo beretik, IZBEko Begoña Altzagak adierazi du espero dutela etxebizitzak adjudikatzeko garaian auzoko zaharrek “lehentasuna” izatea: “Euren etxebizitzetan irisgarritasun edo mugikortasun arazoak dituzten bizilagun asko daude Intxaurrondon, eta non pasako dute hobeto euren bizitzaren azken zatia auzoan bertan baino? Lizarditik bera dauden eraikin gehienetan, esaterako, irisgarritasun arazoak daude”.
55 apartamentuak baremazio sistemaren bitartez adjudikatuko dituztela azaldu du Arzallusek –Txomiñeneko babes ofizialeko alokairuko 162 etxebizitzekin egin duten moduan–, baina adinekoek euren etxebizitza zaharrak gazteentzako uzteko aukera aztertzen ari direla esan du. Eusko Jaurlaritzak Morlansen eta Loiolako Erriberan eraikiko dituen zaharrentzako 180 etxebizitzetan, esaterako, adineko pertsonek euren etxe zaharrak Alokabideren Bizigune programari utziko dizkiote, gazteei alokatzeko.
Atzerapen ugari
Intxaurrondoko eraikinaren proiektua, ordea, aspalditik dator, 2013an onartu baitzuten estreinakoz etxebizitzak eraikitzeko 3.750.000 euroko kreditu eragiketa, Juan Karlos Izagirre alkatearen legealdian. Eraikuntza baimena 2014an onartu zuten, baina lanak ez ziren 2016ra arte hasi. Arzallusen arabera, 2014an “hainbat arazo” antzeman zituzten proiektuan, eta “aldatu behar izan zen, horrek dakarren atzerapenekin”. 3,8 milioi euroko aurrekontua zuen orduan proiektuak –2,7 milioi 2017an gastatzeko eta 1,1 milioi 2018rako–.
Eraikinak prest egon behar zuen 2018ko udaberrirako, baina zimendu sistemarekin arazoak izan ziren, eta lanak eten egin ziren 2017ko uztailetik 2018ko ekainera. “Lanak hasi eta berehala antzeman zuten lurrak ez zirela proiektuaren azterketa geoteknikoak zioen modukoak, eta ondorioz, zimendu sistema aldaltu behar izan zen. Horrek gainkostu bat ekarri zuen, orduan indarrean zegoen legeak baimentzen ez zuen gainkostua. Ondorioz, udal gobernuak kontratua bertan behera utzi eta lizitazioa hasietarik egin behar izan zuen”, azaldu du Arzallusek. Azkenean, 4.767.538,85 euroko kostua izan du eraikinak, eta IZA enpresak egin du.
San Romanek gogoratu du proiektua blokeatuta zegoenean zona hori arriskutsua zela: “Lanak geldirik zeudenean arriskua zegoen, hesi guztiak bere horretan utzi zituztelako. Azkenean, mugitu behar izan zituzten, oinezkook ez genuelako ikusten ibilgailuak zetozen ala ez”.
Auzo elkartearen beste eskaera batzuk
IZBEkoek ontzat jo dute proiektua, “interesgarria” eta “positiboa” dela uste baitute, “euren etxebizitzetan irisgarritasun arazoak dituzten pertsonentzako azpiegitura handi bat” delako. Hala ere, lursail horrekin beste zerbait ere egin zitekeela azaldu du Altzagak: “Auzoko anbulatorioak oso irisgarritasun txarra dauka, eta kexa ugari aurkeztu ditugu udalean. Horregatik, gure ustez, lursail hori anbulatorioko irisgarritasuna hobetzeko erabili behar zen. Gainera, ez zen bateraezina adinekoentzako apartamentuak egitearekin”. Anbulatorioa bera leku txarrean dagoela gogoratu du San Romanek, eta aspalditik ari direla eskatzen lekuz aldatzeko. Horrez gain, Larrotxene Kultur Etxea handitzeko beharra dagoela nabarmendu du: “Inauguratu zutenetik txikia gelditu zen. Mons pasealekutik beherako auzoa hiltzen ari da. Horregatik, fundamentuzko ekipamenduak egin behar dira auzo bizitza sustatzeko, eta kultur etxe on bat oso onuragarria da horretarako”.