Kulturgintzaren egoera zaila dela ohartarazi dute
SOS Kultura plataformak elkarretaratzeak egin zituen atzo hegoaldeko lau hiriburuetan. Donostiakoa Bulebarrean izan zen, eta hainbat sortzailek bat egin zuten mobilizazioarekin. Besteak beste, plataformak salatu du koronabirusak kultur alorrean murrizketak eragingo dituela. “Murrizketa handia espero dugu kultura aurrekontuetan”, adierazi dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak iragarritako laguntzak ez direla nahikoa azpimarratu dute, eta sektoreak bizi duen momentu zailari aurre egiteko “benetako konponbideak” eskatu dituzte.
Bulebarrean kulturgintzaren egoera irudikatu zuten antzezpen batekin, eta hainbat aldarrikapen egin zituzten pankarten bidez. Jon Maia Soria bertsolariak bertsotan adierazi zuen bere mezua: “Guk ez dugu nahi munduan iraun, baizik eta mundua aldatu”. Plataformak jakinarazi duenez, lehen urratsa baino ez da mobilizazio hau. Elkartzen jarraitzea da plataformako kideen asmoa, eta adostutako manifestu hori pixkanaka garatuz joatea. Orain arte, Euskal Herria osoko 1.300 pertsona inguruk eta 167 eragilek bat egin dute plataformarekin.