Mandasko Dukearen koadro bat eta hainbat liburu ostu dituztela salatu du udalak
Udalak salatu du Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean hainbat objektu ostu eta beste batzuk kaltetu zituztela konfinamenduan. Zehazki, Leon de Malemprék 1905. urtean margotutako Mandasko Dukearen erretratua eta Mandasko Dukearen liburutegi pertsonaleko hainbat liburu lapurtu dituzte. Gainera, 1879an Vicente Palmaroli eta Gonzalezen Mandasko Dukesaren erretratua obrak ere kalteak izan ditu, eta zaharberritzera eraman behar izan dute.
Enrique Ramos Ekologia zinegotzi eta Cristina Enea Fundazioko arduradunak azaldu duenez, lapurreta apirilaren 4an, gauean, gertatu zen. “Antza denez, ezezagun batzuk parkera sartu ziren eta jauregi zaharreko ate bateko sarraila bortxatu ondoren, bertara sartu eta hainbat objektu lapurtu zituzten”, zehaztu du. Udaltzainak iritsi zirenean, dagoeneko ez zegoen inor. “Agenteek hatz-markak eta DNA laginak jaso zituzten, egileak aurkitzeko eta lapurtutako objektuak berreskuratzen saiatzeko”, argitu du Ramosek.