Parte Zaharreko bizikidetzarako arauak laburbiltzen gida bat prestatu du Parte Zaharrean Bizik
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Auzoa, auzo izeneko gida plazaratu du, eta dagoeneko 4.000 etxebizitzatan banatu dute. Gidak dokumentu bakar batean laburbiltzen ditu auzotarrek, merkataritza eta ekonomia sektoreko establezimenduek, eta udalak bete beharreko araudiak. Besteak beste, udal ordenantzak, bizilagunen eskubideak, edo erantzukizun eremuak.
Arau horiek, normalean askotariko araudietan topatu behar dira, eta auzotarrek askotan ez dakite nora joan behar duten gauza bakoitza kontsultatzeko. Gida honek, hain zuzen ere, denak labur eta dokumentu bakar batean jasotzen ditu.
Auzo elkarteak adierazi duenez, «errespetatu beharreko joko-arauak daudela ulertzeko» eta «etsipenaren aurkako» tresna da. Izan ere, Parte Zaharreko auzotarren «osasuna eta bizi kalitatea hondatu» direla uste dute. Era berean,«gazteak joan direla eta ez direla itzuliko» azpimarratu dute, eta «auzoaren nortasun historikoa eta kulturala pixkanaka» desagertzen ari dela.
Argitaratutako gidaren bitartez ohartarazi dute «udalaren betebeharra» dela araudi sektorialak betetzea, emandako baimenak kontrolatzea, ordenantzak betetzen ez direnean ikuskatzea eta jardutea, besteak beste. «Ez dira pribilegioak, bizilagunen eskubideak baizik», nabarmendu dute.